Aspalditik bilatutako saria lortu du Giacomo Nizzolok (Qhubeka), Italiako Giroko 13. etapa irabazita, Veronan. Italiarra zortzigarrenez ari da lehiatzen lasterketa, eta, 11 aldiz bigarren izan ostean, garaipen preziatua lortu du gaur; esprintean, nola ez. Mamirik gabeko etapa laua izan da, baina Nizzolok betirako gordeko du oroimenean. Haren ametsa zapuztear izan da Edoardo Affini (Jumbo Visma), azken uneko eraso indartsu batekin, eta soilik esprinter italiarrak aurreratu ahal izan du. Affiniren atzetik, Peter Sagan (Bora) sartu da. Sailkapen nagusian ez da aldaketarik izan; Egan Bernal (Ineos) iritsiko da maglia arrosarekin bihar Zoncolanen bukatuko den etapa handira.
Simon Pellaud (Androni), Umberto Marengo (Bardiani) eta Samuele Rivi (Eolo) saiatu dira ihesean loria bilatzen. Hirugarrenez izan dira elkarrekin, tropelari aurrea hartuta. Pellaudek eta Marengok, berriz, bosgarren ihesaldia zuten bata bestearen ondoan. Haatik, ez dute elkar ondo hartu: lehenik, Pellaud saiatu da hirukotea apurtzen, helmugarako oraindik 130 kilometro gelditzen zirela, eta, gero, Rivik egin du eraso, 55 kilometro falta zirela.
Batera iraun dute, ordea, zazpi kilometro falta zirelarik tropelak irentsi dituen arte. Amaiera prestatzeko lanari ekin diote orduan azkarrenen taldeek. Azken hiru kilometroak zuzen-zuzenak ziren; beraz, bermatua zirudien esprintak. Affini handia egitear izan da, baina ziztu batean gainditu du Nizzolok.
Gaurko barealdiaren ostean, etapa erabakigarria jokatuko da bihar, Cittadella eta Zoncolan mendiaren artean. 205 kilometroko saio luzea izango da, eta, lehen 130 kilometroetan, laugarren mailako koska bat izango da oztopo bakarra. Ordea, gero bigarren mailako Rest igoko dute (10,5 kilometro eta %5,9eko pendiza), eta bukaeran, Zoncolan beldurgarria.
Zazpigarrenez bukatuko da Giroko etapa bat mendate horretan. Sutriotik hasita egingo da igoera; hala, txirrindulariek 14 kilometro eta %8,5eko pendiza duen horma topatuko dute. Bereziki gogorrak dira azken hiru kilometroak: %13koa da batez besteko pendiza, eta %20tik gorako zatiak daude. Lidergoan ondo sendotuta iritsiko da Bernal: 45 segundora du Aleksandr Vlasov (Astana), 1.12ra Damiano Caruso (Bahrain), 1.17ra Hugh Carthy (Education) eta 1.22ra Simon Yates (Bike Exchange).
Andre Greipelek esprintean irabazi du Andaluziako Itzuliko laugarren etapa, Alvaro Hodeg (Deceuninck) eta Mads Pedersenen (Trek) aurretik. Zazpigarren izan da Enrique Sanz (Kern Pharma). Miguel Angel Lopezek (Movistar) jarraitzen du lehen postuan. Burgosko itzulian, berriz, Anastasiia Chursina (Ale) izan da bigarren etapako garailea. 1.11 atera dio Alice Barnes (Canyon) buru izan duen tropelari. Euskal herritarrik ez da sartu hamar onenen artean. Alta, bosgarren egin du Bizkaia-Durangoko Sandra Alonsok. Elise Chabbey (Canyon) jarri da lider.