ATLETICO MADRIL 1. REALA 1

Madarikazioari irri

Realak merezitako puntua eskuratu du Vicente Calderon zelaian, Carlos Velak 91. minutuan sartutako gol bati eskerHelburu nagusia beteta izan arren, lehian segitzeko gogoa erakutsi dute txuri-urdinek

Donostia
2012ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Golak: 1-0: Gabik (54. min.); 1-1: Velak (91. min.). Epailea: Iglesias Villanueva. Txartel horiak: Atletico Madrileko Mariori eta Falcaori; eta Realeko Zurutuzari. Txartel gorria: Gabiri (73. min.), bi txartel hori ikusi ondoren. Bestelakoak: 40.000 ikusle inguru Vicente Calderon estadioan.

Neurketa osoan erein eta erein aritu eta gero, puntua urratu zuen Realak atzo, txapelketako plazarik gaiztoenetariko batean. Landutakoa izan zen, merezitakoa. Horri eskerrak, sailkapenean 47 puntuko marra gainditzeari zentzua aitortu zioten. Serio aritu ziren atzo, nortasuna erakutsiz, entrenatzailearen mezua gauzatuz. Indartuta atera zen multzoa. Eta gidaria, Philippe Montanier. Zazpi partida ere badaramatzatelako galdu gabe; hiru, Cornella, Rosaleda eta Vicente Calderon moduko toki zailetan jokatuak. Azken 25 ahaleginetan 35 puntu batu dituztelako ere bai. Aurrerapausoa eman duten seinale.

Txandakatzeei lehentasuna eman zien Realeko entrenatzaileak hamaikakoa osatzean. Gehienbat atzealdea moldatu zuen Carlos Martinez, Demidov eta Cadamuro zelairatuz, eta bigarren zatian eman zien aukera Ifran eta Llorenteri, itzalpetik atera ez diren bi aurrelariei. Agirretxeri ere tokia egin zion aspaldiko partez etxetik kanpo, eta Zurutuzaren itzulera izugarri estimatu zuen taldeak, txuri-urdinik onena izan baitzen berdegune gainean.

Atletico Madrilen GPSan Bukarest izena letra larriz idatzita dagoela berehala ohartu ziren gipuzkoarrak, eta baloia bereganatuz agintzeari ekin zioten. Beste batzutan gertatu moduan, ordea, samurregiak izan ziren min egiteko garaian, eta ezin izan zuten markagailua euren alde jarri. Lehen zatiaren azken ordu laurdenean izan ziren etxekoak baino dezentez gehiago. Hori bai, Arda Turanek ere ez zuen aparte izan gola burukada arriskutsu baten bidez. Onena Realarentzat, Falcao aurrelari trebea —33 gol sartu ditu sasoi honetan—, eta Bravo, aspalditxoan erabakigarria, azaldu ere ez zirela egin.

Diego Simeonerenak atsedenaldian jabetu ziren Txapeldunen Ligarako sailkatzeko aukera izan bazutela artean, eta beste bizitasun batekin ekin zioten lanari. Turan azaldu zen, lehen-lehenik, txuri-urdinei suspertzeko esanez, eta, handik gutxira, 54. minutuan, Gabi erdilariak gol ederra sartu zuen. Ikusgarria areaz kanpoko jaurtiketa. Jokaldi bataren eta bestearen artean, Agirretxeri goleko pase itzela eman zion Zurutuzak —nonahi ari zen agertzen erdilaria—, baina usurbildarrak ez zuen asmatu ahoko zuloan.

Gutxi iraun zion pozak, haatik, Gabiri, kontrako atea zulatu eta ordu laurden eskasera bigarren txartel horia atera baitzion Iglesias Villanueva epaileak. Erabakia zorrotza izan zen kexua zuten etxekoek. Kanpokoek, aldiz, aldeko bi penalti, izan zirenak, salatu zituzten. Futbolari bat gutxiagorekin, atzerapauso nabarmena eman zuten zuri-gorriek, emaitza aldeko izanik kontraerasoaren baliabideari erabateko zukua atera nahirik.

Hiru aurrelarirekin

Montanierren taldeak ez zuen galdu nahi, ordea. Ifran, Llorente eta Vela berdeguneratu zituen frantziarrak horretarako. Saiatzen ari ziren txuri-urdinak, bultzaka. Horrela, falta arriskutsu, Ifran sekulako gola sartzeko zorian egon zen, eta korner asko atera zituzten eta horietako batean, arauzko denbora bete zenean, Xabi Prietok izkinatik atera —hirugarrena zuten segidan—, Carlos Martinez eta Llorentek baloia irabazi eta Velak zulora ate arrastoaren gainean. Sasoiko hamabigarrena. Zelai gorrotagarrienetik —Aitor Zabaletaren kontrako oihu deitoragarriak entzun ziren berriro ate atzeko harmailatik—, irribarretsu ateratzeko balio izan zuena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.