Madril, eta gero Mosku

Gescrap Bizkaiari Estudiantesen aurkakoa irabaztea komeni zaio, ligako zortzi onenen artera itzultzeko

Raul Lopez, taldekideei aginduak ematen, Estudiantesen aurkako lehen itzuliko partidan. MARISOL RAMIREZ / A. PRESS.
Andoni Urbistondo.
Donostia
2012ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Ate-joka dago Euroligako azken laurdenetako kanporaketa ikusgarria, baina Mosku urrun dago oraindik. Hurrengo asteazkenean hasiko da kanporaketa hori, eta Gescrap Bizkaiak etxeko lanak egin behar ditu Euroligan murgildu aurretik. Estudiantesen aurka jokatuko du gaur arratsaldean (17:00, TDP), Madrilen, burua erabat Euroligan jarri baino lehen, eta behar baino lehenago ez jartzea komeni, hala egin duenean muturrekoa jaso baitu Katsikarisen taldeak. Murtzian, adibidez. Arrakastaren aparrean galduta, Montespaschiri irabazi ostean, ezustean galdu zuen. Jokalariek onartu zuten nekatuta eta komenigarria den intentsitate eta grina gabe joan zirela Murtziara. Astebete geroago istorio bera. Malagan garaipen handia lortu Euroligan, eta etxean Bartzelonaren aurka galdu. Krisialdi horrek hiruzpalau egun iraun zuen, Bizkaiak sekulako astindua jaso zuelako Badalonan Joventuten aurka.

Zorionez, taldea egoera bideratzen hasi zen joan den igandean, Fuenlabradaren aurka, eta aste osoa izan dute Estudiantesen aurkakoa prestatzeko. Ondo etorri zaio atsedenalditxoa taldeari, fisikoki kili-kolo zeuden hainbat jokalari osatu direlako eta kantxaratzeko prest egongo direlako gaur. D'Or Fischerren itzulera da denetan garrantzitsuena. Atzo egin zuen lehen saio osoa taldekideekin, eta sasoi on-onean ez badago ere, laguntza ona eman diezaioke taldeari.

Roger Grimau eta Mavroeidis ere jokatzeko prest daude. Belauneko odol isuria sendatzeko ia hamar egun behar izan ditu kataluniarrak, baina astearteaz geroztik batere arazorik gabe aritu da lan saioetan. Mavroeidis ere osatu da. Greziarraren egoera fisikoarekin zuhurtzia handiagoa dute taldeko medikuek. Orkatilako hezurrean hematoma mingarria zeukan, eta hori sendatzeko botika onena denbora eta atsedena dira. Litekeena da Katsikarisek greziarraren parte hartzea mugatzea eta, ezeren okerrik ez dela, Mamadou Sambek minutu batzuk jokatzea Madrilen. Irabaziz gero, oso litekeena da Bizkaiak zortzi onenen artean bukatzea jardunaldia.

Estudiantesi dagokionez, bulegoetako krisi sakonean murgilduta dago. Jose Vicente Pepu Hernandezek taldea utzi zuen joan den astean. Trifon Poch-ek hartu du lekukoa, eta zulotik ateratzeko helburuarekin, jokalari pare bat fitxatu dute: Willie Deane eta Tariq Kirksay. Donostian egin zuten debuta bi horiek, eta Lagun Aroren astindua jaso, baina aurreko asteburuan Malagan irabazi zuen Estudiantesek. Bueltan izango da gaur Jayson Granger joko antolatzailea, bizkarreko arazoak gaindituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.