Armada gorriaren taldeak aspaldi ezarri zuen bere agintea Errusia aldean. Azken sei urteetan, gainera, Europa osoan ari dira euren legea ezarri nahian, Lauko Final guztiak jokatu baitituzte. Guztira, bost bider izan dira Euroligako txapeldun. Errusian hamalau liga eta hiru Kopa irabazi dituzte, eta horiei Sobiet Batasunaren garaian lortutako 25 ligak eta hiru Kopak gehitu behar zaizkio. Garaipen zerrenda ikuste hutsak beldurra ematen du, baina etorkizuna historiaren eskuetan utzi beharrean, kantxan hitz egin beharko dute Moskukoek. Ozen hitz egiteko moduko taldea badute, nahiz eta azken ordura arte Zisis eta Van Den Spiegel kolokan izango diren.
Moskuko CSKAk talde beldurgarria du. Izen handiko multzoa da, baina talde bezala jokatzea du bertuterik handiena. Ettore Messina prestatzailea da horren erruduna. Italiarrak ardura handiz prestazen ditu partida guztiak, eta ez du konturik txikiena ere uzten inprobisazioaren eskuetan. Messinak, beraz, ondo asko ezagutzen du gaurko kontrarioa, eta bere jokalariei azaldu dizkie Baskoniaren ahultasunak. Italiarrak intentsitate gorena eskatuko dio bere multzoari, Baskonia gorabehera handiko taldea dela jakin bai baitaki. CSKAk bi jokalari ditu postu bakoitzeko, eta, hortaz, ez du batere arazorik izango gelditzen ez den makina baten moduan jokatzeko. Defentsan denek emango dute daukaten guztia. Erasoan, Siskaukas eta Langdon hegalekoek eraman dezakete partidaren zama. Baina, gasteiztarrek arretan soilik haiengan jartzen badute, Papaloukas, Andersen, Goree edota Smodis ager daitezke eta partida erabakita utzi.
TAUKO JOKALARI GUZTIAK PREST. Baskonia jokalari guztiekin aurkeztuko da Madrilgo pabiloian. Jasaitisek, azkenik, aldakako minak atzean utzi ditu eta jokatzeko moduan izango da. Lituaniarrak hiru aste eman ditu geldirik. Ez dirudi Lauko Final bati aurre egiteko modurik aproposena denik, baina partidak duen garrantziari ikusita, ez die orain arteko gaitz guztiei erreparatuko eta kantxa jateko irrikan izango da. Haren parte-hartzea funtsezkoa suerta daiteke. Gutxitan azaltzen den jokalaria da, baina hiruko jaurtiketa bikaina du. CSKAk Baskoniaren erasoak luzatu nahiko ditu, defentsa itogarriaren bitartez. Hala, lituaniarra isilpeko baliabidea izan liteke hegalean. Defentsan ere lan handia egiten duela ikusita, Langdom eta halako kontrarioak indargabetzeko markatzaile aproposa izango da.
Beste hegaleko bat, Pete Mickeal, gaurko giltza izan daiteke Baskoniarentzat. Estatubatuarra gogotsu ari da azken partidetan, sasoian dagoela erakutsiz. Tauk hegal pibotak zabaldurik jokatzeko ohitura du. Teletovicek zein Singletonek barruan utzitako zuloak profitatzen saiatu beharko da Mickeal. CSKAn ez dago bera bezalako hegaleko indartsurik, eta horregatik aprobetxatu beharko luke uztaipeko tartea. Ettore Messinak, ordea, zerbait pentsatua izango du Baskoniako hegaleko indartsua gelditze aldera. Italiarrak, ziurrenik, etengabeko laguntzen sistema agindu die bere jokalariei. Hala balitz, Mickealek baloia kanpora berehala ateratzen asmatu beharko luke. Funtsean, baloia oso azkar mugitu beharko dute gasteiztarrek. Arlo horretan, noski, antolatzaileek zer esan handia izango dute. Taldeak Planinic eta Prigioni orain arte baino hobeto aritzea behar du gaur.
Aste barruan, Tauk 40 minutuetan ez duela arreta galdu behar entzun da behin eta berriro. Bestela, akabo. Bide horretan, eta taldearen intentsitateari punturik jaisten ez uzteko, antolatzaileek lehen mailako rola jokatuko dute gaurko filmean. Euren esku egongo da kontrarioaren erritmo jarraitua zapuztea. Holden eta Papaloukasi ez diete eroso jokatzen utzi behar. Horretarako, bai Planinicek eta baita Prigionik ere baloiaren gaineko defentsa nabarmen hobetu beharko dute. Normalean oso gaizki moldatzen dira horretan, eta kontrarioari errazago jokatzen uzten diote. CSKAren aurrean, beraz, urrats batean aurreratu baharko dute beren defentsa lana. Erasoari dagokionez, errusiarren saretik ihes egiten asmatu beharko dute biek. Messina Tauren erasoa moteltzen saiatuko da, gasteiztarrak oso gaizki moldatzen baitira joko estatikoan. Gasteizko zuzendariek korrika egiteko aukera guztiak aprobetxatu beharko dituzte. Erasora ziztu bizian ateratzeko aukerarik ez dagoenean, baloia azkar mugitu beharko dute bost-bostekoan.
Azkenik, gaur Splitterrek egin dezakeena aipatu beharra dago. Vidal eta Prigionirekin batera, laugarren Lauko Finala du. Esperientzia falta, beraz, ezin da aitzaikia izan. Orain arteko jokalaririk erregularrenetarikoa izan da, eta errusiarren aurrean bide berean segitzea espero da. CSKAren barruko jokalariek mugikortasun handia dute, eta, ondorioz, kanpotik ere aritzeko gaitasuna. Brasildarrak ez du hori kontrako zerbait balitz bezala ikusi behar, aldekoa baizik. Berari gertuko jokoa komeni zaio, fisikoagoa. Splitterrek uztaiari bizkarra emanda jokatu beharko du batzuetan, buruz burukoaren bila edota kanpoan tarteak zabaltzeko.
Beste jokalari guztiek ere badute ardura. Vidalek tentsioa mantenduko du kantxan den artean. Rakocevicen agerraldiak funtsezkoak izan daitezke partida trabatzen bada. Singletonek berriro sasoian dagoela erakutsi beharko du eta bere indar fisikoa inposatu -errebotean egiten duen lana oso garrantzitsua da-. McDonaldek Splitterren bideari jarraitu beharko dio: uztaiari bizkarra emanda jokatu eta CSKAko pibotak estutu.
GILTzaK
Mickeal: Isilean heldu da Madrilera, zaratarik egin gabe. Taldeko hegal-pibotek barruan utzitako espazioak erabili behar ditu gaur, CSKAko bere markatzailea barrura eramateko.Kontzentrazioa: Errusiarrek ez dute arlo horretan hutsik egingo, ziur. Baskoniak 40 minutuko intentsitatea mantentzeko gaitasuna duela erakutsi beharko du. Arlo horretan, funtsezkoa izango da lehenengo laurdenean irteera makalik ez egitea.
Joko estatikoa: Defentsak lehentasuna izango du gaur. Baskoniak ohi baino hobeto egin beharko du atzeko lana, eta erasoan, joko estatikoan, azkarrago mugitu beharko du baloia.
ZenBaKIa
2
CSKAk Tauri irabazitako partidak. Aurten bitan jokatu dute elkarren aurka Baskoniak eta CSKAk. Bietan errusiarrak izan dira garaile. Gasteizen 76-85 irabazi zuten Messinaren jokalariek, eta Moskun, 70-62. Hala ere, Tauk badaki Lauko Final batean CSKAri irabaztea zer den. 2005ean, Ivanovic entrenatzaile zela, 78-85 irabazi zuen Baskoniak. Orduan, gainera, Moskun jokatu zen Lauko Finala, eta errusiarrak ziren faborito nagusiak.Esperientzia eta ilusioa borrokan
Lehen finalerdia Maccabik eta Montepaschik jokatuko dute; 6.000 zaleren babesa izango dute israeldarreku. gartzia
Arratsaldeko 18:00etan hasiko da, Madrilen, 2008ko Lauko Finala. Maccabi Tel Avivek hirugarren koroa bereganatu nahi du bost urteetan -2004an eta 2005ean garaile izan ziren horiak-. Horretarako, Montepaschi Siena gainditu beharko dute. Italiarrek indar izugarria erakutsi dute bai euren ligan eta baita Euroligan ere, eta Lauko Finalerako ezusteko nagusia eman dute.
Tel Avivekoek sasoia gaizki hasi zuten, eta orduan, gutxik uste zuten Madrilen izango zirela. Entrenatzailea aldatuta, ordea, taldeak nabarmen egin du gora. Bidean Real Madril eta Bartzelona utzi dituzte Ekialde Hurbilekoek, eta hori duten indarraren adierazle da. Hala, animoz gainezka daude Maccabikoak. Baina haien armarik handiena, beharbada, zaleen beroa izango da. Jokalariekin batera, 6.000 zale inguruk osaturiko itsasoa heldu da Madrilera. Lauko Finalerako txartelak oso garestiak ziren, eta israeldarrek dituzten baliabide ekonomikoak erabili dituzte, beste behin ere, jarraitzaileen beroa ez galtzeko.
Italiarrek, beharbada, beste inork baino presio gutxiagorekin aurre egingo diote azkeneko faseari. Jokalari gehienek ez dute esperientziarik, baina, finalerako ezusteko nagusia emanda, ilusiorik handienarekin ordezkatuko dute gabezia hori. Eskarmenturik ez izateak ez die irabazteko aukerarik kentzen. Izan ere, Sienakoak hainbat erakustaldi egiten ari dira sasoi osoan. Gaur, Tel avivekoen aurrean, orain arte erakutsi duten talde joko sendoa kantxaratzeko aukera badute, kontuan izateko taldea dira. Israeldarrek ezin dute aurrean talde ahulago bat dutela pentsatu eta lasaitu. Hori eginez gero, Simone Pianigianik zuzenduriko jokalariek latza sartuko liekete. Italiarren prestatzailea aipatuta, McIntyre antolatzailearen egoera da haren kezkarik handiena. Estatubatuarra orkatilan egindako ebakuntzatik osatzen ari da oraindik. Berak eman dezakeen mailak baldintzatuko du taldearen emaitza. Gaur irabaziz gero, Lavrinovicekin batera, McIntyre Lauko Finaleko protagonista nagusietarikoa bihur daiteke.
MONTEPASCHI SIENA: McIntyre, Thornton, Sato, Stonerook, Benjamin Eze-hasierako bostekoa-, Tomas Ress, Ilievski, McLeod, Carraretto, Kaukenas, Diener,Cournooh, Romero. MACCABI TEL AVIV: Cummings , Casspi, Halperin, Morris, Vujcic - hasierako bostekoa- Batista, Bluthenthal, García , Morris, Bynum, Sharp. Lekua: Madrilgo Erkidegoko Kirol Jauregia. Ordua: 18:00 (La2).