Txirrindularitza

Mads Pedersenek Danimarkara eraman du urrea

Azken metroetan erasoa jo du Matteo Trentin italiarrak, baina berehala eten du danimarkarrak haren erasoaldia. Gorka Izagirrek bederatzigarren egin du. 

Pedersen, helmugara heldu berritan. UCI
2019ko irailaren 29a
09:12
Entzun

Hotza, euria eta haizea izan dituzte lagun txirrindulariek probako 280 kilometroetan. Askok erabaki dute amaitu baino lehen erretiratzea, tartean Alejandro Valverde, iazko txapelduna. "Oso eguraldi txarra egiten zuen, hotz handia, haizea eta euria. Izoztuta nengoen, eta kilometro batzuk aurrerago jarraitu baino, nahiago izan dut 170.ean utzi. Orain, taldekideek nola eusten dioten ikustea besterik ez zait geratzen". 

Izan ere, eguraldia ez ezik probaren iraupenak ere asko utzi ditu bidean. Sei ordu, 27 minutu eta 28 segundo behar izan ditu Mads Pedersen danimarkarrak zirkuitua osatzeko.

Azken metroetan bereganatu du garaipena Pedersenek. Matteo Trentin italiarra ahalegindu da urrea bereganatzen, lasterketan bildutako indarrak baliatuta erasoa joz, baina azkarragoa izan da Pedersen, eta aurkariak aurrea hartu nahi zuela ohartutakoan jo du berak ere aurrera. 

 

 

Hala, bigarren tokian geratu da Trentin, eta hirugarrenean Stefan Kung suitzarra, bi segundo eskasera. Atzerago baina ibilbidea osatuta sailkatu dira Izagirre anaiak. Bederatzigarren egin du Gorka Izagirrek, eta hamaseigarren Ionek. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.