TXIRRINDULARITZA

Maederrek Landari eskaini dio etapa garaipena

Murgiarraren taldekideak ihesean irabazi du Italiako Giroko seigarren etapa, mendatean bukatzen zen lehena. Alessandro De Marchik maglia arrosa galdu du, eta Attila Valterrek jantzi. Eskas aritu da Bilbao: 1.06 galdu du onenekin

Gino Maeder, irabazle, gaur. GIRO
enaut agirrebengoa
2021eko maiatzaren 13a
18:30
Entzun

Mikel Landaren atzoko erorikoak zaurituta utzi zuen Bahrain taldea. Murgiarrak etxerako bidea hartu behar izan zuen, eta, hala, lemazainik gabe gelditu ziren haren taldekideak. Arrangura eta atsekabea, ordea, erregai bihurtu dute gaur, eta B plana badutela erakutsi, Ginno Maederrekin irabazi baitute Giroko seigarren etapa, mendatean bukatzen zen aurrenekoa. Suitzarrak arrakastaz biribildu du eguneko ihesaldia. Alessandro De Marchik (Israel), ordea, porrot egin du maglia arrosari eusteko ahaleginean. Attila Valterren (Groupama) soinean dago orain jantzi preziatua.

Hautagaiek bigarren azterketa zuten maldan gora, Passerinoko aldapa pikoetan izandako lehia laburraren ondoren. Gaur, mendate luzeago eta leunago bat zuten bukaeran: San Giacomo, 15,5 kilometro eta batez besteko %6ko pendizarekin. Bada, herenegun bezala, gaur ere Egan Bernal (Ineos) izan da onenen artean sendoena. Haren joari soilik Remco Evenepoelek (Deceuninck), Dan Martinek (Israel) eta Giulio Cicconek (Trek) eutsi ahal izan diote. Gutxienez hamahiru segundo galdu dituzte gainontzeko faboritoek. Pattal aritu da Pello Bilbao (Bahrain): Bernalen multzoa baino 1.06 beranduago helmugaratu da.

Bizi-bizi hasi dute etapa txirrindulariek. Ahalegin askoren ondoren, sei ziklistak egin dute aurrera: Maederrek eta Matej Mohoricek (Bahrain), Dario Cataldok (Movistar), Jimmy Janssensek (Alpecin), Simon Guglielmik (Groupama) eta Simone Ravanellik (Androni). Geroago, Bauke Mollema (Trek) eta Geoffrey Bouchard (Ag2r) batu zaizkie. Aurrekontzat aurkari gaiztoa zen Mollema, eta latz sufriarazi dute; 30 kilometroko jazarpena egin behar izan du bat egiteko.

Eguneko lehen mendatea igaro ostean, sua piztu du Ineosek, maldan behera. Erdibitu egin da tropela, eta atzean gelditu da Alessandro De Marchi. Espero baino lehenago zapuztu zaio maglia arrosari eusteko ilusioa. Hori gutxi balitz bezala, hurrengo mendatean haize babesa sortzear izan da Bernalen taldea, Filippo Gannaren joa baliatuz. 60 kilometro gelditzen ziren oraindik.

Euria, haizea, eta lehia bizia. Ez zen giro tropelean. Eta beste estutu bat ematea erabaki dute Cicconek (Trek), Romain Bardetek (DSM) eta Alberto Bettiolek (Education), eta erasoa jo dute jaitsieran: 45 segundoko tartea zabaldu dute. Haatik, Ineos ez zegoen oparirik egiteko, eta azken igoera hasterako harrapatu dute hirukotea. Mohoric, Maeder, Mollema eta Cataldo iritsi dira buruan San Giacomora, 2.40ko aldearekin.

Mamia izan du azken igoerak: Bike Exchangeko auto batek Pieter Serry (Deceuninck) harrapatu du, ondorio larririk gabe; Jonathan Castroviejok (Ineos) gurpila zulatuta zuela egin du tira; Bernalek birritan egin du eraso, eta tinko eutsi dio Evenepoelek... Eta aurrean, loriaren bila kemenez abiatu da Maeder. Garaipen bikaina eskaini dio Landari. Jada Gasteizko ospitalean dago, eta bihar goizean egingo diote ebakuntza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.