Borroka

Maider Undak zilarrezko domina irabazi du Europako Txapelketan

Goizean Epp Mae estoniarrari eta Vasilisa Marzaliuk bielorrusiarrari irabazi ondoren, arabarrak 0-4 eta 0-2 galdu du Europako Txapelketako finala, Natalia Vorobeva errusiarraren aurka.

unai zubeldia
2013ko martxoaren 22a
16:12
Entzun

Dominen borrokan sartzeko ilusioarekin joan zen Maider Unda Tbilisira, Georgiako hiriburura, eta helburua gauzatuta itzuliko da etxera. Zilarrezko domina kolkoratu berri du arabarrak Europako Txapelketan, 72 kiloz azpiko mailan, finalean Natalia Vorobeva errusiarraren aurka 0-4 eta 0-2 galdu ondoren. Final-zortzirenetan zuzenean aurrera egin ondoren, final-laurdenetan hasi da lehian, Epp Mae estoniarraren aurka, eta aise lortu du finalerdietarako txartela, 0-3.

Gogorragoa izan da finalerdietako lehia, aurkari gogor bati ez ezik, iragan hurbilari aurre egin behar izan diolako arabarrak. Izan ere, Londresko Olinpiar Jokoetan Vasilisa Marzaliuk bielorrusiarra menderatuta kolkoratu zuen Undak brontzezko domina, eta gaur, Europako Txapelketako finalerdietan, parez pare izan dira biak, berriz ere. Aurkariari neurria ondo hartu diola ematen du, arazo handirik gabe lortu duelako finalerako txartela, 3-0.

Garaipen horrekin ziurtatu du domina, baina urrezkoa ez eskuratu izanaren penarekin amaitu du saioa. Hasi eta bukatu,  finalean nabarmen hobea izan da Vorobeva, egungo olinpiar txapelduna. Lehen txandan 0-4 galdu du, eta bigarrenean, estuago hartu arren, 0-2. Balentria handia lortu du hala ere, zazpi hilabeteren buruan Olinpiar Jokoetako brontzezko domina eta Europako Txapelketako zilarrezkoa pilatu dituelako Aramaiokoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.