Maila bakoitzeko aurkari bana, Kopari ekiteko

Oviedo-Athletic, Almeria-Osasuna eta Reala-Granada, Espainiako Kopako final-hamaseirenetan

Erredakzioa
Donostia
2011ko urriaren 15a
00:00
Entzun
«Gu gara Lehen Mailako taldea, eta aurrera egitera behartuta gaude». Argi hitz egin zuen atzo Andoni Iraola Athleticeko kapitainak. Atzo egin zuten Espainiako Kopako final-hamaseirenetako zozketa, eta Oviedo Bigarren B Mailako taldearen aurka ariko dira zuri-gorriak. Carlos Tartieren jokatuko dute joaneko partida, abenduaren 8an, eta San Mamesen itzulikoa, abenduaren 21ean. Athletic txapeldun izan zen Oviedo kanporatu zuen bi sasoietan, 1949-1950 eta 1972-1973an.

Eibar eta Alaves aurreko kanporaketan kalean geratuta, Osasuna eta Reala ziren final-hamaseirenetako kanporaketarako zozketan zeuden beste bi euskal taldeak, eta erabat bestelako aurkariak eta egoera egokitu zitzaizkien gorritxoei eta txuri-urdinei. Almeria Bigarren Mailara jaitsi berria den taldearen aurka ariko da Osasuna. Almerian jokatuko da joaneko partida, abenduaren 13an, eta Iruñean itzulikoa, abenduaren 21ean. Joan den denboraldian 0-0 berdindu zuten Iruñean, eta Almeriak 3-2 irabazi zuen etxean.

Reala, berriz, Granadaren aurka ariko da. Lehen Mailara igo berria da Andaluziako taldea, eta sasoi honetan elkarren aurka jokatuta daude. Irailaren 21ean neurtu zituzten indarrak, eta txuri-urdinek irabazi zuten, 1-0, Dani Estradak sartutako gol ikusgarriari esker. Donostian jokatuko dute joaneko partida, abenduaren 13an, eta Granadan itzulikoa, abenduaren 21ean. Granada 19. postuan dago sailkapenean, lau punturekin. Realak zazpi dauzka, eta bederatzigarren dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.