Alpinistek beti esaten dute mendia ez dela gailurrean amaitzen, beheko kanpalekuan lortzen dela behin betiko lasaitasuna. Igo eta jaitsi. Bi luze. Bi arrisku. Txirrindularitzan mendi garaiei eta gogorrei begiratzen zaie beti. Angliruren batez besteko aldapak jartzen dira hitz larriz markatuta. Jaitsierei ez zaie jaramon handirik egiten. «Igotzea da gogorra. Denek dakite jaisten». Uste horrekin egiten dira laburpen gehienak. Baina tropelean tiburoi bat dagoenean hasten dira komeriak. Espainiako Vueltako atzoko etapa horren erakusgarri.
Azken 30 kilometroetan sartuta, Catorce por ciento bigarren mailako mendatea zeukan gordeta Vueltako seigarren etapak. Ustez, esprinterren taldeek erritmo bizi-bizia jarri, egoera kontrolatu, eta Kordoban esprinta bermatzeko modukoa zen etapa amaiera. Baina Liquigasek handia egin zuen beherakoan. Gorakoan daukan batez besteko aldapak bihurtzen du mendate bakoitza hirugarren mailako, bigarren mailako, lehen mailako edo maila bereziko. Baina Liquigasek Catorce por ciento mendatearen jaitsiera bihurtu zuen maila bereziko. Txirrindulari berezia izan beharra dagoelako Liquigasek aldapa behera jarritako erritmoari jarraitzeko. Artista handia da atzo azken mendatean behera beldurrik pasatu ez zuena. Eta artista handien pare ibili zen Peter Sagan gaztea (Liquigas), esprintean.
Leoparden —edo Fabian Cancellararen— lan ikusgarriari esker geratu zen ezerezean eguneko lehen ihesaldi saio serioa. Zortzi minututik gorako aldea eduki ondoren, mendatea igotzen hasterako harrapatu zituzten Aleksejs Saramotins (Cofidis), Martin Kohler (BMC), Yukihiro Doi (Skil Shimano) eta Adrian Palomares (Andalucia Caja Granada). Eta Liquigasen estutu onarekin geratu zen ezerezean gero David Moncoutie (Cofidis), Tony Martin (Highroad), David De la Fuente (Geox) eta Kevin Seeldraeyersen (Quick Step) ahalegina.
Benetako ikuskizuna, ordea, gehienak lasaitu zirenean iritsi zen, bigarren mailako mendateko pankartapetik igaro zirenean. Pablo Lastras (Movistar) bakarrik izan zen gai Liquigaseko laukoteak maldan behera jarritako erritmoari eusteko —Vincenzo Nibali, Sagan, Eros Capecchi eta Valerio Agnolli joan ziren aurrera—. Tropela txikitu egin zen beherakoan, eta Nibalik faboritoekiko 17 eta 23 segundoren alde polita lortu zuen helmugan. Huts bakarra egin zuen Liquigasek: Lastrasen beldurrez, Nibaliri helmugako gainsaririk hartzen utzi ez izana.
Txirrindularitza. Espainiako Vuelta
Maila bereziko jaitsiera
Liquigas taldeak azken mendatean behera hautsi du tropela, eta faboritoekiko 17 eta 23 segundoren tartea lortu du Vincenzo NibalikPeter Sagan gazteak irabazi du etapa, eta Sylvain Chavanelek jarraitzen du lider
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu