Etapa garaile izan da Ion Izagirre Tourrean. Larunbatean estreinakoz parte hartuko du Donostiako Klasikoan, eta gero abiatuko da Rioko Olinpiar Jokoetara. Gaur, 19:00etan, harrera egingo diote Ormaiztegiko udaletxean, Gorka anaiarekin batera. Elkarrizketa aurrerapena da segidakoa:
- "Zoriontsu naiz Tourrean etapa irabazita, eta etxera etorri ondorengo egunak oso bereziak izan dira. Dena den, dena ahaztu eta aurrera begira nago jada, garaipen gehiagoren gosez".
- "Ihesaldia helmugara iritsiko zela jakinda, konfiantza osoa nuen neure buruarengan. Gorakoan ondo sentitu nintzen, eta Joux Planen behera ez nuen bi aldiz pentsatu. Lehenengo bihurgunetik ihes egin, eta ziztu bizian ailegatu nintzen helmugara. Errepide bustiak mesede egin zidan"
- "Zazpi urteren ondoren euskal ziklista batek irabaztea pozgarria izan zen. Ez nuen uste hainbeste urte igaro zirenik Juanma Garatek Mount Ventouxen irabazi zuenetik. Maila handia daukagu Euskal Herrian, eta lehorteak ez du hainbeste iraungo oraingoan"
- "Chris Froome guk uste baino indartsuago azaldu da, garaiezin. Mendateetan ongi ibili da, baina batez ere erlojupekoetan atera du abantaila. Gainera, Sky taldeak bikain babestu du, eta gainerakook kikildu antzeko egon gara haien ondoan"
- "Donostiako Klasikoan lehenengo aldiz parte hartuko dut, ilusio handiz. Alejandro Valverde taldekidea izango da gure liderra, baina etapak berak aginduko digu zer egin. Tourrean irabazi eta gero, konfiantzaz gainezka nago, eta uste dut badudala gaitasuna garaipenetik gertu ibiltzeko ".
- "Rioko Olinpiar Jokoak begiz jota ditut. Han ere lehenengo aldiz parte hartuko dut. Esperientzia ahaztezina izango da, eta denboraldia ezin hobeto biribiltzea izango litzateke dominaren bat eskuratzea"