Bigarren denboraldia du Joxean Olaskoaga Aizperro-k (Orio, Gipuzkoa, 1974) Portugaleten. Iazko helburua bete zuen, San Miguel ligara igotzea, eta aurtengoa ere erdietsiko duelakoan da. Igo berria izanagatik, asmo handiekin da arduradun teknikoa
Zein helburu ditu Portugaletek San Miguel ligarako?
Mailari eustea baino zerbait gehiago lortzeko asmotan aterako gara. Iruditzen zait arriskutsua dela ez jaisteko kontuarekin aritzen bagara bakarrik. Bigarren txandan sartu nahi dugu, eta hortik jauzi txiki bat egiteko aukerak eduki.
Borroka horretan zein izan daitezke zuen aurkariak?
San Pedro ibili zen iaz leku horietan, eta aurten hobeto dabilela uste dut. Oso lan ona ari da egiten. San Juan ere hor dago, denek uste arren iaz baino gutxiago ibiliko zela. Gero, Kantabriako hiru traineruak ere kontuan hartu beharko dira (Astillero, Pedreña eta Castro). Beren arteko estropadetan tarte txikian ibili dira denboraldi-aurrean, eta horrek esan nahi du berdintasun handia izango dela. Orokorrean, jendea oso ondo ikusi dut azkeneko estropada hauetan.
Arraunlari berezkoen eta berezkoak ez direnen araudiak kalte handia egingo al dizue?
Lege hori hor egotea ondo iruditzen zait, bestela dirua litzatekeelako dena. Gure errendimendua jaitsarazi egiten duela garbi dago. Beti egoten da aldea etxeko arraunlarien eta kanpokoen artean. Alde horretatik, sufritu egingo dugu, baina itxaropena daukat gauza ondo egiteko.
Banderak irabazteko lehiatik oso aparteal dago Portugalete?
Zaila da guretzat borroka horretan sartzea. Oso talde onak daude. Argi eta garbi esanda, ez gaude banderak irabazteko moduan. Iaz, KAE1 ligan, asko irabazi genituen, baina horko maila eta San Miguel ligakoa ez dira berdinak.
Ligakoez gain, beste helbururen batzuk izango dituzue.
Bai. Bizkaiko txapelketan jauzia egin nahi dugu. Badakigu Kaiku eta Urdaibai gorago daudela eta zaila izango dela horien parean jartzea, baina araudiak mugarik jartzen ez duenez herrialdeko txapelketetan berezkoen eta berezkoak ez direnen artean, lan ona egin dezakegula iruditzen zait.
Nola definituko zenuke zure ardurapean daukazun kuadrilla?
Denetik daukagu. Zazpi-zortzi arraunlari indartsuak dira, eta teknikaren alorrean, ari gara arraunketa hartzen, ez baita erraza urtebetean denek bat egitea. Pixkanaka ari gara blokea hartzen, eta itxura ona emango dugula iruditzen zait.
Denboraldi bat egin duzu San Miguel ligatik kanpo. Berezia al da berriz itzultzea?
Tira, gogoa beti izaten da, eta ikusiko dut gkorputzak zenbat uzten didan. Aurtengoa egingo dugu arraunlari moduan, eta hurrengo urtean ikusiko da. Zenbait estropadatan ez naiz izango tostetan, kanpotik ere ikusi nahi dudalako trainerua.
Joxean Olaskoaga. Portugaleteko entrenatzailea
«Mailari eustea baino gehiago da gure helburua»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu