Ivan Ramis. Eibarreko jokalaria

«Mailari eusteko bidean, ondo ari da taldea»

Bigarren denboraldia du Eibarren Herrialde Katalanetako erdiko atzelariak, eta antzematen zaio gustuko taldean dabilela. Lesioekin arazo gehiago ez izatea besterik ez du eskatu.

Aitor Manterola Garate.
Eibar
2016ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Ipuruako prentsa aretoan dago Ivan Ramis (Sa Pobla, Mallorca, Herrialde Katalanak). Hedabide bateko teknikaria probak egiten dabil, laster eman behar duelako prentsaurrekoa Jose Luis Mendilibarrek, Eibarreko entrenatzaileak. Hori baino lehen osatu du solasaldia Ramisek BERRIArekin.

Astea kili-kolo hasi zenuen, giharretako gainkargarekin. Osatu al zara biharko lehiarako?

Prest nago. Ez zen lesio larria izan, hasieran uste izan bazen ere larriagoa izango zela. Gainkarga besterik ez da izan azkenean.

Jokalari batentzat aurkari zitalenetakoak lesio txiki hauek izaten dira?

Giharretakoek lan dezente ematen dute, bai. Ematen du ez direla beste munduko gauza, baina gertatzen da ezin osatuta ibiltzea. Hori gerta daiteke lesioa sendatzeko bidea ez delako egokia izan.

Aurreko denboraldian, horrelako arazo asko izan zenituen.

Denboraldirik gogorrena izan zen niretzat, alde horretatik. Ezin nintzen erabat osatu, eta, azkenean, jabetu ginen zein zen arazoa, eta, orain, primeran nabil.

Zein zen, bada, arazoa?

Lesioari aurre egiteko ariketak ez ziren egokiak niretzat, eta minez segitzen nuen. Bolada luzexkoa pasatu nuen horrela, baina, azkenean, aurkitu genion konponbidea.

Lehen sasoia zenuen Eibarren, eta, ezjakintasunez, askok esan zuten joera izaten duzula min hartzeko.

Entzun nituen horrelakoak, baina garbi daukat sekula ez naizela izan denbora asko min hartuta igarotzen duen jokalaria. Aurreko denboraldia salbuespena izan zen, alde horretatik.

Esaten da jokalariok askotan jokatzen duzuela nonbaiteko minez, eta ohitu egin zaretela hala izatera. Horrela da?

Bai. Azkenean, ohikoak dira lesioak eta minak futbolean, handiagoak edo txikiagoak. Lesio batzuen eraginez, ezin izaten dugu jokatu, eta hor ez dago bueltarik. Baina beste kasu askotan, minberatuta edo min pixka batekin jokatzera ohituta gaude.

Ohikoa omen da jokalariengan min pixka bat eduki arren, entrenatzaileari ezer ez esatea, asteburuan jokatu ahal izateko. Egin duzu halakorik inoiz?

Tira... Jokalariok badakigu noiz den jasateko modukoa delako lesio edo min hori, eta halakoetan ez diogu ezer esaten entrenatzaileari. Baina ikusten badugu ez gaudela behar bezala jokatzeko, azkar asko ematen dugu aditzera, norbere buruari eta taldeari ez kalte egiteko.

Zer ondorio atera dituzue Espanyolen aurka bigarren zatian gertatu zitzaizuenaz?

Ez dugu aparteko ondoriorik atera. Badakigu oldarkortasunik gabe aritu ginela bigarren zatian, eta horixe izan zen okerrena. Espanyolek ez zizkigun sekulako aukera pila sortu bigarren zatian, eta hiru gol jasotzea ez zen aurreikus zitekeen zerbait.

Baina taldeak ez zuen partida ona egin.

Arrazoi duzu. Nahiz eta 0-3 jarri ginen lehen zatian, ez ginen ari ondo jokatzen. Lehen zatiko azkeneko minutuetan bakarrik jokatu genuen eroso.

Vila-real duzue aurkari bihar. Espanyol baino talde hobea da.

Ezberdinak dira bi taldeak. Vila-realek oso jokalari onak dauzka, eta taldea oso ondo indartu du udan. Ondo dabil, eta ez da aurkari samurra izango. Baina guk Ipuruan sendo jarraitu nahi dugu. Osasunaren aurka bakarrik galdu dugu, eta badakigu etxean indartsuak izan behar dugula.

Jose Luis Mendilibarrek esaten du beti berdin jokatu behar duela taldeak, estilo berezkoa duela. Zelaian erraza al da hori lortzea?

Oso ondo dakigu zein den estilo hori, eta Eibarrek beti izan duena da: oldarkor eta grinarekin jokatzea, hain zuzen. Bide horri eutsi behar diogu partida guztietan.

Mendilibarrek beste ezaugarri batzuk izaten ditu gogoan estiloarena aipatzean, bereizgarri taktikoak, adibidez.

Jarrerarena badakigu gure esku dagoela, eta beste ezaugarriak beti erabiltzea ez dago bakarrik gure esku. Aurkariak ere eragina izaten du. Gure kontrarioa egiten bada baloiaren jabe, guk baloia kendu beste aukerarik ez dugu izango, eta ezingo dugu baloia erabili entrenatzaileak nahi duen bezala.

Azkeneko bi emaitzak ez dira onak izan, baina mailari eusteko bidean taldea ondo doala iruditzen zaizu?

Baiezkoan nago. Partida guztietan ateratzen gara helburua lortzeko puntuen bila, eta badakigu zer egin behar dugun. Ondo ari gara, mailari eusteko bidea egiten gabiltza.

Kasualitatea edo ez, Sergi Enrichen eta Antonio Lunaren sexu afera atera zenetik, puntu bakarra lortu duzue. Eragin egin dio auziak taldeari?

Batere ez. Aldagelan ez da sartu gai hori, hortik kanpoko zerbait da, eta auzi horrek sorturikoak ez dauka zerikusirik taldearen azkeneko bi emaitzekin.

Zure ibilbidean, atentzioa ematen du Ingalaterran ibili izana hiru denboralditan, Wigan Athleticen, hain justu. Nolako esperientzia izan zen?

Oso ona. Ikasi nuen beste pauso bat eman behar nuela sasoiko egoteko. Bestela, nahiz eta beste futbol mota bat eta beste kultura bat izan, nik betikoa egin nuen: entrenatzaileak esandakoa barneratu, eta hark eskatzen zidan bezala jokatu.

Zer moduz Mendilibarrekin?

Ondo. Zorrotza da, baina, aldi berean, uzten digu jokalarioi gure iritzia plazaratzen, eta berarekin eztabaidatzen ere bai. Gero, eztabaidaren ondoren, ahaztu egiten zaio kalapita hori, eta ez du jokalaria zigortzen, nolabait esateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.