Alavesek sekulako aurrerapausoa eman du gaur Elxen, jauzi luze baten parekoa, eta, horri esker, ia eskura dauka denboraldiko helburua: datorren sasoian ere Lehen Mailan jokatzea. 0-2 irabazi dio Elxi, lehen zatiaren akaberan Joseluk egindako golarekin, eta bigarrenaren hastapenean Luis Riojak sartu duenarekin. Sailkapenari begiratzen bazaio, eta behin-behinean [asteazkenean eta ostegunean osatuko da jardunaldia], Alavesek bost puntuko aldea ateratzen dio Huescari, jaitsiko litzatekeen azkeneko taldeari. Elx, gaurko aurkaria, tarte bertsura utzi du, eta berdinduta dago bien arteko gol alde delakoa, Mendizorrotzako partidan, lehen itzulian, 0-2ko emaitza izan baitzen.
Kale edo baleko partida zen bi taldeentzat atzokoa. Alaves ez zen onenean iritsi, azken bi partidetan puntu bakarra aterata. Are okerrago heldu zen Elx. Hobeto ekin zion lehiari Javi Callejaren taldeak. Battagliaren zuloa Manu Garciak bete zuen, erdian hirukoa osatuz Pinarekin eta Ponsekin. Aurrean ziren Luis Rioja ezkerretik, Edgar eskuinetik, eta Joselu aurrelari peto bezala. Etxekoen artean, 1-4-4-2koa zen sistema, Boye eta Carrillo argentinar kankailuak aurrean zirela.
Etxekoen defentsako estrategia izan da baloia Alavesi ematea, eta erasoan, bi aurrelariak azkar bilatzea, goiko baloiekin. Arabarrek ondo erabili dute baloia, eta eroso iritsi dira Elxen zelaira. Ezkerretik hasi da lantzen jokoa, eta berehala nabarmendu da Luis Riojaren abilezia teknikoa, paseetan eta buruz burukoetan. Taktikoki ere ondo eraman du taldeak jokoa ezkerrera, Manu Garcia erdiko atzelari jarriz baloiaren irteera batzuetan, Duarte oso gora igoz, eta Rioja kanpotik barrura eramanez. Gainera, etxekoak opari larriak egiten hasi dira atzealdean, baloia oparitzen, esate baterako, eta 22. minutuan, Riojak zutoinera bota duen baloia, horrelako bat baliatuz.
Alavesek ondo egin duen bestea izan da baloia galdu eta segituan presioa egitea Elxen zelaian, zeharo narrastuz bestela ere trakets samarra den haien erasoko jokoa. Partidaren erritmoa geldoa zen, eta hori ere ez zen txarra Alavesentzat. Traza hartu du norgehiagokak lehen gola sartzen zuenak asko izango zuela hiru puntuak etxera eramateko, eta Alavesek zulatu du sarea. Korner batean, motzean atera, eta baloia Riojak hartu du area barruan, eskuin hegalean. Atzelaria zoratu, atzean utzi, eta zelaiari itsatsita atzealdera egindako pase doitua Joseluk bota du barrura, 40. minutuan. Kontrolpean zuen partida Alavesek, baina jokoan zuen nagusitasunari Pachecok eutsi behar izan dio golaren aurretik, bi urruntze bikain eginez.
Bigarren zatia aldatu egin da: Alavesek Elxi eman dio baloia, eta kontraerasoan, erraz iritsi zen etxekoen atera. Bigarren gola horrela sartu du Riojak, Joseluren pasea baliatuz, 54. minutuan. Pachecok berriz azaldu behar izan du gero, eta zutoina ere jo zuen Edgarren jaurtiketa batek. Elxek jokalari biziak eta abilenak atera ditu zelaira, baina zarata asko eta etekin gutxi. Itzaliz joan da gero partida, baina ondo piztuta utzi du Alaves.