Munduko Kopa 2014

Maisua eta ikasleak

Munduko txapelduna dantzan ibili du Louis Van Gaalek dotore landuta duen talde eraberrituak(1-5)

Aitor Manterola Garate.
2014ko ekainaren 13a
15:43
Entzun

Ez da erraza bazter hauetatik ariketa hau egitea: Espainiak astindua jaso berri du, eta gogoa ematen du jardun eskas horrekin gozatzeko. Tentazio handiegia da uko egiteko. Baina bazterrean utziko dugu hori momentuan, eta txalo handiak merezi dituen entrenatzailea eta bere taldea goratzeko tartea da. Louis Van Gaal eta bere jokalariak. Maisua eta ikasleak.


Duela bi urte hartu zuen selekzioaren ardura entrenatzaile bikainak. Taldeetan hainbat bider egin duena egin zuen: gazteen aldeko apustua, iraultza handia eginez. Gazteekin lan ona egiten badaki, eta fede handia du beraiengan. Bi urtean erabat aldatu du selekzioa. Izenez eta izanez. Sailkatze fase aparta egin zuen, eta bide beretik ekin dio Munduko Kopari. Txapeldun batek inoiz jaso duen astindu handiena eman berri dio bere jokalari multzoak Espainiari.


Hasieratik ikusi da Van Gaal maisua dela taldeak osatzen. Ondo landutakoa da Herbehereak hau. Bagenuen ikusmina zertan ari ote zen entrenatzailea txapelketa honen atarian; zer lantzen ari ote zen. 5-3-2 marrazkia erabiliko zuela esaten zen, eta horrek argiak piztu zizkigun hemen. "Egingo dik zerbait berria Van Gaaleek". Eta bai egin ere.
Erdiko hiru atzelariekin eta bi euskarriekin (De Jong-De Guzman) egundoko sendotasuna eman dio erdialdeko enbor horri. Sneijder, Robben eta Van Persie ere lanerako prest jarri ditu defentsako lanean, eta emaitza bikaina izan da; eta ez gara ari 1-5ekoagatik, ez. Taldeak defentsako laneko mugimenduak ondo baino hobeto landuak dituela erakutsi du; egoera bakoitzean zer eta nola egin behar den ondo ikasia duela. Horren atzean entrenatzailea dago. Lana.


Itotzera atera da Espainiako sormenaren bihotza. Xabi Alonso, Busquets eta Xavik ezin zuten eroso jokatu. Ezta Iniestak eta Silvak ere; eta bi hauei buruz buruko zaintza egiteko agindua ere eman die bere jokalariei egoera batzuetan (beste entrenatzaile handi bat gogorarazi digu halakoak ikustean: Marcelo Bielsa). Ondo baino hobetu aztertua du Van Gaalek Espainia, eta horren gainean antolatu du bere taldea.


Erasoan ere baliabide asko erakutsi ditu: kontraeraso zitala dauka, Robben bizkorra zitalkerietan aritzeko askatasun osoz (defentsako lanean bikain jarri da batzuetan, gero kontraerasora libre ateratzeko); baloi luzeetan ere trebetasuna erakutsi du, aurkariaren atzelarien bizkarra bikain bilatuz, eta pase luzeak ematen Blind gaztea (Blind handiaren semea) ze ona den ikusi dugu gaur; jokaldia lantzen ere ona da taldea, zelaia ondo zabalduz eta lekuak ondo hartuz jokalariak. Baliabide ugari dauzka, eta denak landuak Van Gaalen eskutik. Altxorra.


Gabeziak ere baditu, talde orok bezala. Defentsatik erasora igarotzeko unean, Espainiak goian estutu izan duen bakoitzean baloia leku txarretan galdu dute Herbehereek. Zuzendu beharrean da Van Gaal arazo hori. Zalantzarik bai zuzentzen saiatuko den edo ez?


Kontuan hartzeko beste ezaugarri bat: kontrako emaitzari buelta eman dio, eta nola. 1-0 galtzen joan, baina lanean segi, partidatik atera gabe. 1-1 berdindu Van Persiek atsedenaldia baino lehen. Eta bigarren zatian, festa eta ikuskizuna. Beste lau gol: bi Robbenek, beste bat Van Persiek eta De Vrijek. Eta izan zitezkeen gehiago. Beldurtu ditu aurkariak Herbehereak honek. Van Gaal handiaren talde honek. Txalo handi bat maisuari eta ikasleei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.