«Maisuari» erreleboa

Klasikoekin daukan zaletasuna are irrika handiagoarekin bizitzeko aukera eman dio Radioshack Nissan Trek proiektu berriak Markel Irizarri. Fabian Cancellara espezialista handia ondoan duela, gozatzen ari da suitzarraren mugimendu bakoitzai begira. Aurretik, ordea, Paris-Nizako lehen erlojupekoa dauka begiz jota.

unai zubeldia
Donostia
2012ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Ispilua jarri diote pare-parean Markel Irizarri (Oñati, Gipuzkoa, 1980). «Lider eredugarria da Fabian [Cancellara], maisua da», aitortu du zintzo. «Lider izatea ez da taldeburu izatea bakarrik. Izaerarekin ere erakutsi behar izaten da hori, eta horretan ez dauka parekorik». Klasikoen zale amorratua da oñatiarra. Flandria aipatu, eta ahotsa bera ere aldatu egiten zaio. «Eta klasikozalerik onena daukat orain ondoan». Cancellarak taldekideak asko mimatzen dituela argitu du Irizarrek. «Gure lanik gabe badakielako ezinezkoa dela berak ezer egitea. Asko zaintzen gaitu, eta, gero, beharra dagoenean, taldekideok %100 eta beste pixka bat ematen dugu haren alde».

RadioShack Nissan Trek proiektuak elkartu ditu Cancellara, Frank eta Andy Schleck anaiak eta Irizar —baita Haimar Zubeldia ere—. Andreas Kloeden, Chris Horner eta Levi Leipheimerrek osatu zuten iaz RadioShack taldearen bizkarrezurra. «Eta lehen biek taldean jarraitzen badute ere, aurten Cancellara, klasikoetarako txirrindularirik indartsuena, eta Andy Schleck, zeina Tourrean hiru aldiz podiumean sartu dena, dauzkagu taldean».

«Profesional» hitzarekin deskribatu du Irizarrek Cancellara. «Asko eskatzen dio bere buruari. Urtarrilaren 5etik apirilaren 8ra, hamar egun bakarrik igaroko ditu etxean —egun horretan jokatuko da Paris-Roubaix—; gainerako egunak lehiatzen edo Kanarietan entrenatzen pasatuko ditu. Kapitain handia da». Gogoeta horrekin laburbildu du suitzarra. «Bizikleta gainean garai batean Gianni Bugnok-eta zeukaten pentsamoldea daukala esan daiteke».

Andyk, «talentu ikaragarria»

Schleck anaiak «desberdin» hitzarekin definitu ditu. «Erabaki garrantzitsuetan Frankena da beti azken hitza. Asko bizi du txirrindularitza, eta anaiak baino gehiago estutzen du bere burua». «Desberdin» hitzaren atzean dago Andy. «Anaia baino lasaiagoa da. Talentu ikaragarria dauka, baina bere burua ez du estutzen. Haren bizitza ez da txirrindularitza bakarrik». Hori bai, biak «pertsona arrunt-arruntak» direla argitu du. «Nahiz eta kanpotik batzuetan bestelako itxura bat eman». Baina RadioShack taldea Cancellara eta Schleck anaiak baino «zerbait gehiago» da oñatiarraren ustez. «Txirrindularien batez besteko maila oso-oso altua da».

RadioShacken egitura berri horretan ere funtsezko txirrindularia da Markel Irizar. Argi dauka noiz eta non zer egin behar duen. «Klasikoetan Cancellararen ondoan egotea da nire eginbeharra». Hori bai, aurretik gorriz markatuta zeukan Andaluziako Itzulia. «Iaz irabazi egin nuen, eta ilusio berezia neukan, lehen erlojupekoa oso egokia zelako niretzat. Seme gazteenaren urtebetetze eguna zen, gainera. Ia hilabete pasatu nuen etapa hori prestatzen, eta asko estutu nuen neure burua».

Prestaketa ez zen oso erraza izan, aurpegian kolpe latza hartu zuelako lehenengo, abenduan, eta hamar bat egunean gaixo ibili zelako gero. «Orain arte zortekoa izan naiz, ez dudalako lesio edo eroriko larririk izan. Baina aurten gauzak ez dira espero bezala irten». Etsi gabe, isileko lanean, oñatiarrak egurrean jarraitu zuen neguan. «Etxeko arrabolean eta belodromoan». Andaluziako Itzuliko lehen erlojupekoa izan zen horren erakusgarri. «Ez nuen irabazi, baina bi segundora geratu nintzen. Oso pozik geratu nintzen egindako lanarekin».

Gaixoaldia zela tarteko, Mallorcako Challengea albo batera uztea erabaki zuen Irizarrek. «Eta eskerrak, elurretan ibili behar izan zuelako tropelak». Bero bila joan zen Qatarrera. «Asmatu genuen». Espero ez zuen herrialdea aurkitu zuen oñatiarrak. «Ekonomikoki egoera onean daude, eta orain hasi dira eraikuntzaren hazkundearekin. Basamortuaren erdian ari dira herriak sortzen». Arkitektura lanak alboratuta, ordea, gorputza estutzera joan zen Irizar Qatarrera. «Oso lasterketa aproposa da horretarako». Haizeak gogor jotzen zuela argitu du. «Eta, beraz, derrigorrezkoa zen erreleboka aritzea. Arriskutsua ere bada, haizeak aldamenetik jotzen duenean tentsio handia sortzen delako tropelean. Baina prestaketa gisa oso aproposa da».

Klasikoetarako buruzagiaren esanetara, Irizar bete-betean sartu zen taldearen dinamikan. «Etapak amaitutakoan serieak egiten genituen sarritan. Autoaren atzean jarri, eta egurrean joaten ginen hotelera. Haizea kentzen du autoak, eta pedalen maiztasuna handiagoa izaten da. Ondorioz, erritmoa ere bai. Klasikoetarako oso prestaketa ona da hori».

Flandria, Roubaix eta San Remo dauzka bereziki gorriz markatuta RadioShack taldeak. «Sky edo BMC gu baino indartsuagoak dira, agian, talde gisa, baina banaka aztertuta, guk daukagu txirrindularirik indartsuena». Ondo banatuta dauzkate lanak. «Zazpi txirrindulari gaude klasikoetan berari laguntzeko. Ez ihesaldirik eta ez ezer. Cancellara izango da gure apustu bakarra, maisua baita horrelako lasterketetan».

Orain arteko denboraldi-aurrerik gorabeheratsuenaren ondoren, «oso ondo» sentitzen ari da entrenamenduetan gipuzkoarra. «Egia esanda, pasatutako guztia pasatuta, ez nuen uste Paris-Nizaren atarian hain ondo sentituko nintzenik. Oraingoz, oso baikor nago». Baikor eta ilusioz gainezka, Andaluziako Itzulian gertatu zen bezala, Paris-Niza ere erlojupeko batekin hasiko delako, bihar. «Lehen erlojupeko hori ahalik eta ondoen egin nahiko nuke; orain dela lau urte bigarren izan nintzen, eta oso oroitzapen onak dauzkat». Frantziako Tourreko maila izango du Paris-Nizak. «Eta badakit oso zaila dela erlojupekoan Bradley Wiggins, Tony Martin edo Richie Porteren parean ibiltzea». Baina estutu egin nahi du gorputza. «Helburu gisa ez daukat lehen hamarren, hamabosten edo hogeien artean sartzea. Barruan daukadan guztia eman nahi dut, eta gero begiratuko diogu emaitzari».

Klasikoen ondoren, atsedena

Talde gisa itxaropen handi-handirik ere ez dauka. «Hanka sartzea espero dut, baina ez gaude garaipenaren lehiarako». Schleck anaiak, Kloeden eta Maxime Monfort izango dira taldeburuak. «Eta Voigt, Genderman, Bakelandts eta ni lanerako egongo gara. Oso talde indartsua daukagu, baina askotan gertatuko zaigun moduan, lasterketako txirrindularirik indartsuena ez da gure taldekoa izango. Estrategian asmatzen saiatu beharko dugu, beraz».

Paris-Niza eta Belgikako klasikoak amaituta, hilabete eta erdi inguruko atsedenaldia izango du Irizarrek. «Eta Kalifornian hasiko naiz berriz egurrean. Guretzat lasterketa garrantzitsua da hura, babesleak ere hangoak direlako». Dauphine egingo du gero. «Oraingoz Tourrerako hamahiru txirrindulariko zerrendan nago. Postua irabazi beharko dut, beraz».

Azkenean, jokatzen bada, Belgika aldean ibiliko denez, Euskal Herriko Itzulirik gabe geratuko da aurten oñatiarra. Baina gertutik ari da zaintzen etxeko lasterketari buruzko informazio oro. «Tristea da Euskal Herriko Itzuliari behar besteko babesik ez ematea, eta gero Espainiako Vuelta Euskal Herrira ekartzea. Kontu politikoak dira azkenean». Irizarrek onartu du egungo egoera ekonomikoa ez dela onena. «Eta gizartean beste lehentasun batzuk daude momentu honetan. Baina galera litzateke Euskal Herriko Itzulia ez jokatzea; txirrindulari eta euskaldun gisa diot».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.