Iragan astean Damaris Egurrolak egin moduan, Maite Orozek jakinarazi du datorren sasoian ez duela Athleticen jarraituko. Sare sozialetan zabaldutako mezu baten bidez egin du. «Erronka berri bati heltzeko erabakia hartu dut, eta indar guztiekin ekin nahi diot. Izan ere, azken urteetan zerbait ikasi badut, nire ametsen alde borrokatzen ikasi dut».
Orozek adierazi zuen «ohorea» izan dela urte hauetan Athleticen armarria eta elastikoa defendatzea. «Oso aberasgarria izan da niretzat pertsona nahiz jokalari moduan Athleticen izan dudan bilakaera. Espero dut eman didan guztiaren zati bat itzultzen asmatu izana».
Eskertuta agertu zen urte hauetan ondoan izan dituen taldekide, entrenatzaile eta klubeko langileekin. Baita Txorierri Institutuko eta Deustuko Unibertsitateko irakasleekin eta ikaskideekin ere. Orozek bost denboraldi egin ditu lehen taldean, 116 partida jokatu ditu eta bederatzi gol sartu. 2015-2016 sasoian liga irabazi zuen.