Olaizola II.a 22. Irujo 15

Maitemintzeko modukoa

Azken hamar tantoak jarraian egin, eta merezita irabazi du Olaizola II.ak buruz buruko errebantxa

jon eskudero
2012ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Iraupena. 53 minutu.

Pilotakadak. 265.

Sakez. Olaizola II.ak bi, eta Irujok lau.

Markagailua. 2-0, 2-3, 3-3, 3-6, 9-6, 9-8, 10-8, 10-12, 11-12, 11-14, 12-14, 12-15 eta 22-15.

Bestelakoak. Jende ugari bildu zen Ogeta pilotalekuan, Gasteizen. Dirua Olaizola II.aren alde atera zen, 100-80ri. Goizuetarrak lau eta erditik egin zituen sakeak; Irujok, lautik.

Buruz buruko txapelketa ekainean? Hemendik aurrera, dataz aldatzea hobea izango da. Bai, behintzat, atzokoa ikusita. Hori da hori ikuskizuna eman zutena Olaizola II.ak eta Irujok banakako finalaren errebantxan. Ikuskizuna bera esatea ere gutxi da. Kantxa osoko inoizko neurketarik onenetakoa jokatu zuten, eta azkenean goizuetarra nagusitu zen, 22-15. Partidak gogortasuna izan zuen, kalitatea, emozioa... Eta merezita gailendu zen Asegarcekoa amaieran. Osoago heldu zen azken txanpara, eta hamar tanto jarraian eginda altxatu zituen bi besoak bukaeran. Dena den, Irujok ere lan aparta egin zuen, eta nahiz ez irabazi, finaleko arantza atera izango zuen.

Ez dira egun errazak buruz buru jokatzeko, eta bi pilotariak entrenatu gabe iritsi ziren atzoko norgehiagokara. Hobe. Hurrengoetarako badakite zer-nolako prestakuntza egin. Fresko aritu ziren, erasoan zein defentsan ongi, eta zutik jarri zituzten pilotazaleak. Hasiera berdindu baten ondoren, berehala hartu zuen aurrea Irujok (2-3, 3-5 eta 5-6). Finalari ere halaxe ekin zioten, eta, ondoren, Iberokoak egin zuen kale. Atzo ez. Ongi eutsi zion arerioaren erritmoari. Sakez gehiago asmatu zuen, eta, horri esker, aldearekin jokatu zuen. Nabarmentzekoa da Olaizola II.ak ez zuela batere minik egin saketik —finalean zazpi tanto eskuratu zituen—.

Lehen txanpa berdinduaren ondoren, Olaizola II.a hobeto moldatu zen hurrengo tantoetan. 9-6 eta 10-8 aurreratu zen, batez ere, sake erremateari esker. Ezker aire aparta dauka goizuetarrak, eta atzean pilota baztertzen ere ikaragarri asmatu zuen. Hortxe egin zion min gehien Irujori. Guztira sei tanto lortu zituen modu horretan. Baina Iberokoa ez zegoen amore emateko, eta partida orekatu bakarrik ez, aurretik ere jarri zen markagailuan (11-14 eta 12-15). Tanto izugarriak egin zituen tarte horretan.

Azkenekoak izan ziren, ordea. Hortxe hasi zen Olaizola II.aren benetako erakustaldia. Nekatuta heldu ziren amaierara bi pilotariak, baina Asegarcekoak hauspo hobea daukala erakutsi zuen. Itsu bat bera ere maitemintzeko moduko tantoak egin zituen: dejadaz, horma bikoz, atzean, sakez ere bai. Hamabitik zuzenean joan zen hogeita bira, eta ez aurkariak opariak egin zizkiolako, berak izugarri asmatu zuelako baizik. Olaizolarik onena ikusi zen.

Urrezko lerrotan idaztekoa, baina, 19-15ekoa izan zen. Defentsa ikaragarria erakutsi zuen garaileak, frontisean jartzea ezinezkoa zirudien pilota bat eraman baitzuen. Horrek Irujoren hutsa behartu zuen. Seigarren koadrotik erabat eroritako pilota eraman zuen goizuetarrak, eta hori ikusita, amore eman zuen Irujok. Hurrengo hiru tantoak azkar egin zituen Olaizola II.ak. Guztira hamabost tanto egin zituen, eta soilik lau galdu. Garbi dago, oraingoz buruz burukoan dagoen pilotaririk onena da. Maila berean jarraitzea ez du erraza izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.