Iurbenor auzian delitu fiskal baten ustezko laguntzale gisa inputatu duten arren, Fernando Garcia Makuak jakinarazi du Athleticeko presidentetzarako hautagai izaten jarraituko duela —uztailaren 7an izango dira bozak—.
Makuak agerraldia egin du Bilbon, Javier Muguruza abokatu eta hautagaitzarako bere kideez lagundurik, eta esan du ezerk ez duela euren lana baldintzatzen, "proiektu sendoa" daukatela eta harekin aurrera jarraituko dutela. Makuak adierazi du "oso lasai eta indartsu" dagoela, eta aitortu du kanpaina gogorra izango zela bazekien arren ez zuela uste "hain gogorra" izango zenik.
Iurbenor promotorak egindako ustezko iruzur fiskal bat dela medio inputatu dute Fernando Garcia Makua. Enpresako aholkulari legala zen. Ordainketak eten egin zituen Iurbenorrek, baina BEZ zergan 43 milioi euroko zorra zuen Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasunarekin, Bilboko Atea proiektuko lurren salmenta zela eta. Barakaldon bi mila etxe egitea zen proiektuaren asmoa.
Auzia artxibatu egin zuten, baina Bizkaiko Auzitegiak onartu egin du Bizkaiko Diputazioak eta auziko inputatu nagusiak artxiboaren aurka aurkeztutako helegitea.