UCAM Murtzia 77. Lagun Aro GBC 75

Makulu asko dabiltza herren

Defentsako erreboteak eta Woods, Salgado eta Koroleven lan txarrak zamatuta, laugarrenez galdu du Lagun Arok

Andoni Urbistondo.
2012ko urriaren 22a
00:00
Entzun
UCAM Murtzia. Franch (14), Berni Rodriguez (14), Gatens (9), Barlow (11), Marcus Lewis (16) —hasierako bostekoa—; Miso (6), Antelo (3), Juani Jasen (2), Tillie (2) eta Miquel Servera.

Lagun Aro GBC. Salgado (2), Papamakarios, Woods (14), Rubio (16), Doblas (13) —hasierako bostekoa—; Neto (13), Kuksiks (11), Korolev (2), Diez eta Ibekwe (4).

Markagailua. 21-23, 38-45 (atsedenaldian); 63-58 eta 77-75.

Epailea. Redondo, Peruga eta Martinez. Kanporatuak: Lagun Aroko Papamakarios (39. min.).

Bestelakoak. 5.420 ikusle Murtziako kirol jauregian

Hobekuntza agerikoa dela salduko dute batzuek. Ez da gezurra, baina hemen sailkapenak ematen eta kentzen du arrazoia, eta Lagun Aro 0-4 balantzearekin dago dagoeneko. Joan den sasoiko hasiera kaskarra errepikatu du Sito Alonsoren taldeak, eta aurrerantzean presak, urgentziak saihestea ere izango da entrenatzailearen arduretako bat. Lehendik dituenei gehituta, lan handia, Donostiako taldea herren dabil eta. Hainbat jokalari gaizki jokatzen ari dira, asmatu ezinik, eta haiek eragiten duten zamari buelta eman ezinik dabil taldea.

Hona hemen Murtziako porrotaren gakoak: defentsako errebotean emandako erraztasunak, eta garrantzitsuak izan behar duten hainbat jokalariren ekarpen apala. Hemeretzi errebote oparitu zituen Lagun Arok bere saskian, eta horietako asko barneraketa kale egin zuen Murtziako jokalariak berreskuratutakoa. Errua kanpoko jokalariena da, pibotak euren parekoa babestu edo barneraketa oztopatzeko zeregina izaten baitute. Gehitu 19 jabetza horiei galdutako jabetzak, beste 14, eta 33 ematen du batuketak. Zaila partida irabaztea. Eta, halere, aukera izan zuen Donostiako taldeak.

Qyntel Woodsek aurrena, lehia bukatzeko minutu erdia falta zela. Orain arteko partida guztietan bezala, berekoi jokatu eta barneraketa egitea erabaki zuen, taldekideen laguntzari muzin eginez. Ondorioa? Hutsa, eta baloia Murtziarentzat. Partida bukaerako estatistikek 13 puntuko balorazioa ematen diote Memphiskoari (14 puntu eta zazpi errebote), baina partida txarra egin zuen: bikoetan 11 jaurtiketa egin eta lau sartu, eta hirukoetan ere, %17 baino ez (seitik bat). Defentsan galduta dabil Woods, pauso bat atzetik, eta talde osoaren lana desorekatuz, baina, halere, beste inork baino gehiago jokatzen du. Atzo, 34 minutu. Egia da taldeko jokalari erabakigarriena bera dela, baina ez dago ondo, eta mesede ez, kalte egiten dio taldeari jarrera berekoi eta defentsako zabarkeriarekin.

Ez da bakarra. Salgadok partida berdintzeko aukera izan zuen 20 segundoren faltan, bakar-bakarrik jaurti zuen hiruko batekin, baina ez zuen asmatu. Korolev ere gaizki, eta hiru horiek ez badaude, jai dago. Irabazteko aukera izanda ere, Lagun Aro ez dago ondo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.