Lanak izan zituen herenegun Fotis Katsikarisek Euroligako azken jardunaldiko oihartzuna alboratzeko. Gescrapek Murtziaren aurka jokatuko du eguerdian, baina inor gutxik galdetu zuen lehia horretaz. Galdera gehienak Siena, Real Madril eta Unicajaren ingurukoak izan ziren, eta serio jarri behar izan zuen entrenatzaileak, liga Euroliga bezain garrantzitsua dela esateko: «Malagan jokatzeko egun asko geratzen dira, eta Murtzian jokatzeko pare bat bakarrik. Jar dezagun arreta Murtzian, gero ere izango dugu denbora Malagaren aurkakoan pentsatzeko».
Ligan lortutakoak ematen baitu Euroligan jokatzeko saria, eta, errenkadan sei garaipen lortu ostean, ezin da hilabete oso batean bildutako uzta harrikara bota, ustez garaipena lortzeko moduko norgehiagokan. Murtzia sailkapenaren zuloan dagoelako, eta komeria handiekin dabilelako bertatik ihes egiteko. Entrenatzailez ere aldatu zuten bi astez atzera, eta Oscar Quintanari eman zioten aginte makila. Murtziak Lagun Aroren aurka galdu zuen duela hiru aste, eta bi aste atzera Fuenlabradak muturreko handi samarra eman zion. James Augustine da haien jokalari onena, saskipean, baina D'Or Fischerrek Augustine baino hobeak ere kamustu ditu. Bizkaiak prest du talde osoa. Nekatuta, baina prest.
Malaga baino askoz gertuago dago Murtzia
Denak Euroligara begira daudela, arreta apur bat eskatu du Katsikarisek: «Murtziako partida ere oso garrantzitsua da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu