Malaga, Gasteiz, Bartzelona

Baskoniak aurrerapauso handia emango du final-laurdenen bidean gaur Unicajari bere kantxan irabazten badio

Andoni Urbistondo.
Gasteiz
2011ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Paper gaineko kontuak errazak dira. Malagan gaur irabazi, aurrena, eta etxeko bi partidak irabazi, ondoren (Lietuvos eta Panathinaikosen aurka). 3-0eko balantze horrek oso bideratuta utziko lioke Baskoniari final-laurdenetarako sailkapena. Urrunago joanez gero, Lauko Finalaren atariko kanporaketako partida erabakigarria Gasteizen jokatzea litzateke lorpen handiena. Ostera, Bartzelona izango litzateke erronka: Lauko Finala. Aldaparik gabeko bide perfektu horri koskak bilatzen hasita, honatx lehena: Malaga. Koska bat delako. Eta zaila. Usteak ustel izaten baitira sarri.

Bulegoetako krisi sakonean murgilduta dago Unicaja. Egia. Aito Garcia Reneses entrenatzailea eta Quim Costa bere laguntzailea kargutik kendu zituzten astelehenean. Chus Buenok hartu du lekukoa, Sergio Scarioloren eta Salva Maldonadoren laguntzailea Espainiako selekzioan eta Fuenlabrada taldean, hurrenez hurren. Unicaja Bozidar Maljkovic fitxatzen ahalegindu omen da, baina serbiarrak ekaina bitarte eskatutako 700.000 euroko soldatak eta beste urtebeteko kontratuaren exijentziak ezinezko egin omen dute akordioa. Batzuen ustez, Buenoren kontratazioak agerian uzten du Unicajak galdutzat ematen duela denboraldia, eta uda baliatuko dutela hamaikagarren berreraikuntza hasteko; baina Buenok oso izen ona du Espainiako entrenatzaileen artean.

Kirol arloan ere, ezin esan Malagan gauzak ondo doazenik. Kopa jokatu gabe geratuko dira bigarren sasoiz jarraian, eta hori porrot mingarria da hamazazpi milioi euroko aurrekontua duen talde handi batentzat. Ligako bigarren itzulian zortzi onenen artean sartzen ahaleginduko dira, baina gaur-gaurkoz Euroligako Top16a da euren helduleku bakarra. Bere multzoko lehen bien artean sailkatzea arrakasta itzela litzateke, eta lortzeko aukera duten heinean, garesti salduko dute euren porrota.

Baskoniak huts handia egingo luke oinarri gisa Unicajak Kanaria Handiaren aurka jokatu zuen partida hartzen badu. Malagako taldea trakets aritu zen, eta muturreko handia eman zion Pedro Martinezek zuzendutako taldeak. Partida hura, ordea, iragana da. Iragana da, entrenatzailea aldatu dutelako, eta ez dira bat edo bi Unicajaren emaitza krisia jokalari zenbaiten eta entrenatzailearen arteko harreman kaskarrak eragin duela diotenak. Izenak dantzan dabiltza Malagan, eta bistakoa da izen horiek jarri dieten zama hori arintzen saiatuko direla gaur, partida ona jokatuta.

Kontuz opariekin

Baskoniak hobera egin du Esteban Batista etorri zenetik, baina Valladoliden espero ez zuen muturrekoa jaso zuen. Han, Estudiantesen aurka bezala, opari piloa egin zuen Gasteizko taldeak: galdutako baloi mordoa, zortzi kontraeraso... Alor hori zorrotz zaindu beharko du Baskoniak, Unicajak hilabete hauetan erakutsi duen dohain bakarretakoa defentsa ona eta baloiak berreskuratzeko gaitasuna izan baita.

Lesioei dagokienez, zalantzazkoa da Unicajako Terrell McIntyren parte hartzea, zuntz-haustura duelako. Baskoniari dagokionez, Olesonek mina hartu zuen begian herenegungo lan saioan, baina jokatu egingo du.

UNICAJA-BASKONIA

Lehiaketa. Euroligako Top16ko E multzoko ligaxkako lehen jardunaldia.

Unicaja. Freire Luz, McIntyre, Blakney, Berni Rodriguez, Saul Blanco, Tripkovic, Printezis, Jimenez, Rubio, Freeland eta Archibald.

Caja Laboral Baskonia. Huertas, Ribas, Oleson, Logan, Garcia, San Emeterio, Buesa, Teletovic, Bjelica, Sow, Batista eta Barac.

Lekua. Malagako Martin Carpena pabiloia (13.000 ikusle).

Ordua. 20:45 (ETB1).

Multzoko beste partida. Lietuvos-Panathinaikos (59-80).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.