Sasoia hasiz gerotik hamalaugarren aukera izango du gaur Osasunak Nafarroako Erresumatik at irabazteko. Aurrez izandako hamahiru aukeretan kale egin du Iruñeko taldeak, bi puntu baino ez baititu bildu. Aurreko sasoiko azken zortzi irteeretan ere galdu besterik ez zutela egin aintzat hartuz gero, argi dago etxetik at arazo larria daukala. Eta bizkar gainetik zama galanta kenduko dute jokalari gorritxoek behingoz etxetik kanpo partida bat irabaztea lortzen dutenean. Aukera ederra dute gaur, Malaga aurkari zuzenaren zelaian. La Rosaleda inoiz ez da izan batere zelai aproposa Osasunarentzat, baina hiru puntuak eskuratuz gero, sailkapenean hondoratuta utziko dute Malaga, eta hori da helburua.
«Derrigorrean gero eta gertuago egon behar du bolada txarraren amaierak, estatistika kontua da. Dena den, Malaga behealdean egoteak ez du esan nahi partida erraza izango denik. Jokalariak pozik eta gogotsu ikusten ditut entrenamenduetan, baina partidetan txipa aldatu beharrean dira, gauzak okertu orduko burumakur ikusi baititut. Emaitzak aldatzeko, jokatzeko era aldatzea ezinbestekoa da, eta irabaz dezakegula sinetsi behar dute», esan zuen atzo Jose Luis Mendilibarrek, bolada txarra amaitzeko desiratzen daudela argi utzita.
Ostegunean 7-0 galdu zuen Malagak Santiago Bernabeun, baina, Pellegrinik esan zuenez, ezohiko jokalariak zelairatu zituen, beraientzat benetan partida garrantzitsua Osasunaren aurkakoa delako. Mendilibarrek ez du ustejipoiak kalterik egingo dienik, eta begirune handiz hitz egin zuen atzo Malagari buruz, nahiz eta min egin diezaioketela sinetsita dagoen: «Gauza onak baditu, baina hobetu beharrekoak ere bai, eta hori baliatzen ahaleginduko gara. Neguan fitxaketa onak egin dituzte, eta segituan zulotik aterako direla pentsatzen duzu, baina oraindik hor daude eta horrek zerbait esan nahi du. Batzuetan jokalari onek ez dakite egoera zailetan jokatzen, eta ea beste astebetez zuloan uzten ditugun».
Gorritxoen deialdian Carlos Aranda sartu da, baina hasieratik jokatuko ote duen argitzeke dago. Monreal zigortuta dago eta Ruper, Oier, Pandiani eta Josetxo kili-kolo daude. Beste jokalari guztiak eraman zituen atzo Malagara Mendilibarrek.
Malaga hondoratzera
Etxetik kanpoko bolada txarra amaitu nahi du gaur Osasunak, Malaga azken-aurreko sailkatuaren zelaian irabazitaGaltzen duen taldeak jaisteko postuetan egingo ditu hurrengo egunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu