Malaga, Siena, Mosku

Gescrapek bere historia laburreko partida garrantzitsuena du gaur Malagan; irabazten badu, final-laurdenetan egongo da ia ziurD'Or Fischerrek zuntz haustura dauka eskuin hankako bikian, eta ez du jokatuko

Andoni Urbistondo.
Bilbo
2012ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Iritsi da eguna. Bisurteek izaten duten egun bereziaren biharamunean. Bisurteetako egun gehigarri hori lau urtez behin izaten da, eta Gescrap Bizkaiaren partida historikoak ere, oso bakanak. Azken hilabeteetan, ugariago. Iazko ekainean jokatutako ACB ligako finala ondo gogoan dute zale askok. Final hark Euroliga ekarri zuen, eta lehiaketako jardun bikainak, bigarren lorpen handia hilabete gutxiren buruan: Europako zortzi onenen multzo hertsian tokia egiteko aukera.

Azkar esaten da, baina hausnartu egin behar da. Gertu daude final-laurdenak. Bertan aberatsak bizi dira, eta aberatsenekin moldatzen dira ondoen. Gescrap ez da aberatsa, akaso aberats berria, baina aberatsekin batera bizi nahi du, aste pare batez bada ere, hazten jarraitu nahi duelako eta azkarren talde onenen alboan hazten delako.

Sailkatuz gero, sari ikaragarria jasoko du Gescrapek: CSKA Moskuren aurka aritzea. Euroligan ari den NBAko taldea. Horiek, dena den, gaur iluntzetik aurrera aztertu beharreko kontuak dira, eskura duelako baina eskuratu gabe. Gescrapek bere esku du sailkatzea, orain arte ondo egin dituelako lanak. Nahikoa du Malagan irabaztea, hala eginez gero Real Madrilek 23 punturen aldearekin menderatu beharko lukeelako Montepaschi Sienan. Gerta liteke, baina ez gertatzea da normalena.

Horregatik, Malaga da lehen geltokia. Siena bigarrena, badaezpada, eta Mosku azkena, denek iritsi nahi duten azken geltokia. Moskutik Istanbulerakoa geratuko litzateke orduan —han jokatuko da Lauko Finala—, baina azken bidaia horrek utopiatik du asko, eta errealitatetik gutxi. Eroskeria susmoaz, euroz betetako diru zorroei buruz hitz gutxi esan da, gai likitsua delako, eta frogatzen ezinezkoa ia. Ez harritu, halere, hara eta hona ibiltzea, Real Madrilentzat porrot handi samarra bailitzateke final-laurdenetatik kanpo geratzea.

Duintasuna jokoan Malagan

Unicaja kirol krisi latzean murgilduta dago. Azken 11 partidetatik hamar galdu ditu, eta sailkatzeko aukerarik gabe geratu zen joan den astean. Bost neurketa jokatu, eta bostak galdu ditu, eta gehientsuenetan muturreko handi samarra hartuta. Ligan ere kolpez kolpe dabil, eta Chus Mateo entrenatzaileari bere onetik aterata sumatu zitzaion igandean, Valentziaren aurkako partidan jokalariei kargua hartzen. Freeland eta Darden ere mokoka aritu ziren zale batzuekin, haiek kontu eske hasi ostean, eta horrek esan nahi du zaleak haserre daudela, giroa gaizto samarra dela.

Gescrapek etekina atera behar dio egoera hori, eta bidea jakina da: egurrean hasi, alde polita lortu eta Unicaja bere ezinean ito. Garaipen premia latza dutelako espainiarrek, eta jokoan ezer eduki gabe ere, bolada txar hori atzean uzten ahaleginduko dira, ahalik eta azkarren pozteko moduko zerbait egin eta gora begiratzen hasteko. Eroskeria eta diru zorroen inguruan hausnarketa bitxia egin zuen Chus Mateok: «Dirua baino gauza garrantzitsuagoak daude jokoan Gescrapen aurka. Duintasuna, adibidez».

Fotis Katsikarisek antsietatean sumatzen du arriskua: «Lorpen historiko baten atarian gaude, eta baliteken halako gehiegizko grina edukitzea. Horregatik, pazientziarekin jokatzeko eskatu diet jokalariei; gauzak azkar egin nahi izatea edo burua beste kantxa batzuetan edukitzea alferrikakoa dela». Entrenatzaile greziarra ez da fio Unicajaren krisiaz: «Euroligan eta ligan zaila da etxetik kanpo irabaztea, eta sufritu egingo dugu. Presiorik gabe jokatzeko aukerak mesede egin diezaieke Unicajako jokalariei».

Unicajak Jorge Garbajosa gabe jokatu beharko du. Hegalekoak lau asterako du, gutxienez, Valentziaren aurka zuntz haustura egin baitzuen. Freelandek ere kili-kolo du orkatila, eta sukarrak jota dabil. Darden ere bere sasoi onenetik urrun da, kantxetatik at bi hilabete pasatuta, eta Sinanovicek uzkurdura bat du izterrean. Ez da lan saioetan aritu azken egunetan. Bizkaiari dagokionez, D'Or Fischerren hutsunea da garrantzitsuena. Bi aste kantxetatik at. Ohiko jokoa aldatu beharko du Bizkaiak, Fischer kantxan egon edo ez desberdin jokatzen duelako taldeak. Vasileiadisek giharretako arazoak ditu. Ez zuen jokatu Murtzian, baina gaur kantxaratzeko prest egongo da.

UNICAJA-GESCRAP

Unicaja. Rowland, Valters, Payne, Berni Rodriguez, Fitch, Abrines, Darden, Peric, Zoric, Freeland, Lima eta Sinanovic.

Gescrap Bizkaia. Jackson, Raul Lopez, Blums, Josh Fisher, Roger Grimau, Vasileiadis, Mimbru, Banic, Mavroeidis, Hervelle eta Samb.

Lekua. Martin Carpena (12.700 ikusle).

Ordua. 20:45 (ETB1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.