Malagan erabakiko da

Real Madrilek Unicajari irabazi dio, eta Gescrapek azken jardunaldira itxaron beharko du

Andoni Urbistondo.
2012ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Malagan (Espainia) erabakiko da, hurrengo ostegunean, Gescrap Bizkaia Euroligako final-laurdenetarako sailkatuko den edo ez. Real Madrilen eta Unicajaren sasoia ikusita, zaila zirudien Malagako taldeak Madrilgoari irabaztea, eta hala izan zen, Real Madril 86-65 nagusitu baitzen atzo. Pablo Lasoren taldeak, halere, sufritu egin zuen lehen zatian. Unicaja hobeto kantxaratu zelako, eta Real Madril lozorroan, Kopako tituluaren osteko ospakizunek eragindako biharamunak jota. Hiruko batekin ekin zion etxeko taldeak, baina ondorengo minutuetan hankapean ibili zuen Unicajak Real Madril. 3-14 eta 14-22 aurreratu arte, lehen laurden bukaeran.

Unicaja talde lanean oinarritzen ari zen, Freeland gabe taldekide asko ari baitziren puntuak egiten: Fitch, Darden, Rowland, Peric, Zoric... Bigarren laurdena ere antzera hasi zen, eta Berni Rodriguezen hiruko batek hamar punturen aldea eman zion Unicajari: 27-37. Lasok hutsartea eskatu zuen, eta bere jokalariei jokoan zer zegoen gogorarazi zien. Erreakzionatu egin zuten, batez ere Mirotic eta Carrollen eskutik. Hegalekoak hiru hiruko saskiratu zituen bata bestearen atzetik, eta 41na jarri aldageletara bidean.

Aldageletatik bueltan Real Madril estutzen hastea espero zen, eta hala izan zen. Pixkanaka, baina etenik gabe, defentsan nagusitu egin zen, eta erasoan talentu handiagoa duen heinean, zuloa irekitzen joan zen. Aurrena bi puntu, eta hirugarren hamar minutukoaren bukaeran sei puntu on: 59-53.

Unicajak egurrean hasi beharra zeukan azken laurdena, garaipena lortu nahi bazuen, baina kontrakoa egin zuen: jabetza pare bat oparitu zituen, eta Real Madrilek behin betiko hautsi zuen norgehiagoka minutu pare batean: 65-53. Unicajak ia lau minutu egin zituen saskiratzerik lortu gabe, eta ezintasun horretan ito ziren Malagakoak. Partida bukaera eroso kudeatu zuen Real Madrilek. Bi aukera ditu orain final-laurdenak jokatzeko. Sienan irabazi behar du, eta ahal badu, 22 punturen aldearekin. Bide batez, Unicajak Gescrap menderatu beharra dauka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.