Eibar 0-1 Levante

Maldan gora, ezinean

Galdu egin du Levanteren aurka Ipuruan, eta azkena jarri da Lehen Mailako sailkapenean, zortzi jardunaldiren faltan. Hamahiru partida daramatza irabazi ezinda.

jarraia196079.jpg
Aitor Manterola Garate.
2021eko apirilaren 10a
22:44
Entzun

Arraten eta inguruko malda gogorretan oker-oker eginda ibili dira gaur Euskal Herriko Itzuliko txirrindulariak. Ez daukate itxura hobea Eibarreko jokalariek. Partidak irabaztea malda gaindiezina egiten ari zaie: hamahirugarren partida osatu du gaur irabazi ezinda. Sikiera puntua atera izan balu... Galdu egin du Levanteren aurka, eta azkena jarri da Lehen Mailako sailkapenean. Zortzi jardunaldi falta zaizkio akaberarako, eta zortzi aldapatzar dira. Lau puntura dauka salbazioa. Behetik gora bazterrera begira jarrita, Bigarren Mailaren amildegia ikusten hasi da.

Ipuruan katea aterata dabil sasoi honetan. Partida bakarra baino ez du irabazi. Gaurkoak egokia ematen zuen bizikletari abiadura pixka bat emateko,edo gutxienez, daukan apurra ez galtzeko. Izan ere. Levante sailkapenaren erdian dago, ez gora eta ez behera. Baina gaur ere ez. De Frutosek sartu du gol bakarra, 47. minutuan.

Saiatzen direla ezin zaie ukatu Jose Luis Mendilibarren jokalariei. Baina askoz gauza gehiago behar dira partidak irabazteko. Gutxirekin asko egitea ez denboraldi guztietan gertatzen. Orain arte egin du, eta hemendik aurrera egingo duen ikusgai dago. Garbi dagoena da inoiz baino gutxiago duela esku artean entrenatzaileak. Zenbakiek ez diote gezurrik. Gaur, gainera, bi zutabe sendoenak geratu zaizkio bide bazterrean: Dmitrovic atezainak min hartu du beroketan, eta Bryan Gil bizkorrak eta trebeak ezin izan du jokatu, lesio bat tarteko.

Talde bat zuloan denean gauza onik ez, eta ez da ezer ateratzen. Dena kontra halakoetan. Baina jarraitu egin behar du, eta badu helduleku bat txirrindularien artean: Arraten gora ibili den Tadej Pogacarrek galdua zeukan iazko Frantziako Tourra, baina azken egunean, iraultza eragin zuen, ezustean. Pedalei ematen segitu beharra dauka Eibarrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.