Fuenlabrada 71. Lagun Aro GBC 63

Maldizioak bere horretan dirau

Esku hutsik bueltatu da Lagun Aro bosgarrenez Fuenlabradatik, eta lanean segi beharko du kanporaketak jokatzeko

Andoni Urbistondo.
Donostia
2012ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Fuenlabrada. Colom (26), Laviña (5), Vega, Mainoldi (14), Hall (1) —hasierako bostekoa—; Blanco, Joseph, Kortaberria (6), Sanchez (3), Ffriend (6) eta Muñoz (10).

Lagun Aro GBC. Neto (6), Lasa (3), Papamakarios, Panko (19), Doblas (3) —hasierako bostekoa—; Salgado (10), Korolev, Baron (12), Lorant (6) eta Betts (4).

Markagailua. 15-9, 30-31 (atsedenaldian); 44-42 eta 71-63.

Epaileak. Pizarro, Araña eta Cardus. Fuenlabradako Hall eta Lagun Aroko Lorant, Papamarikos eta Baron kanporatu zituzten.

Bestelakoak. 5.000 ikusle inguru Fernando Martin pabiloian.

Bostetik bost! Porrotak. Fuenlabradan garaipena lortu ezinik segitzen du Lagun Arok, eta egun batzutan atzeratu du lorpen historikoa izango dena. Kanporaketak jokatzeko txartelak lotu gabe dago momentuz, eta etzi, Bizkaiaren aurka izango du hurrengo aukera. Fuenlabradan baino hobeto jokatuko ote dute gipuzkoarrek, jaurtiketen arloan trakets, baldar aritu baitziren, aspaldi ikusi gabeko portzentaje kaskarrak lortuz: % 32,5. Bereziki nabarmentzekoa hirukoetako zenbaki txarrak: % 25. Eskerrak Salgadok bi hiruko, eta Pankok bestea sartu zutela hondarrean, portzentajea %20a baino txarragoa baitzen.

Fuenlabradarena da portzentaje txar horren meritu handiena. Porfi Fisacen taldea garaipen premia larrian zegoen. Partida galduz gero amildegiaren ertzean geratuko zen, Estudiantesi garaipen bakarreko aldea kenduta, eta asko estutu zuten defentsan. Espero ez zuen laguntzatxoa ere baliatu zuten etxekoek, epaileek euren aldeko joera nabaria erakutsi zutelako. 29 falta adierazi zizkioten Sito Alonsori, eta 10 gutxiago etxeko taldeari: 19. Puntu bateko jaurtiketetan, noski, alde nabarmena: zazpi gehiago Fuenlabradarentzat.

Lehen laurdena nahikoa izan zen partida puntu gutxikoa izango zela jakiteko. 15-9 bukatu zen, eta Lagun Arok gorriak ikusi zituen eraso guztietan. Salgadoren hasiera bereziki kaskarra izan zen: bost jaurtiketa egin eta denak kale. Neto nahi baino lehenago kantxaratu behar izan zuen Alonsok. Errua, dena den, ez zen Santutxukoarena bakarrik izan, talde osoak 12 jaurtiketa egin eta hiru bakarrik saskiratu zituelako. Bigarren hamar minutukoan nabarmen hobetu zuen bere jarduna Donostiako taldeak. Zortzi jaurtiketa egin eta sei gauzatu zituen, Baronen zazpi puntu tartean, eta 30-31 aurreratu zen aldageletara bidean.

Hirugarren laurdenean bost minututan eutsi zioten gipuzkoarrek, eta 39-40 aurreratu ere baiLoranten bikoaren ostean, baina ondoren Fuenlabradako Quino Colomen erakustaldia hasi zen. Bikoak, hirukoak, hiru puntuko jokaldiak, faltak... Neto eta Salgado erotu zituen, eta 26 puntu pilatu denera. 30. minutuko 44-42koa 57-46koa bilakatu zen sei minutu geroago. Lagun Arok la puntu bakarrik saskiratu zituen sei minututan, eta bere ezinean ito zen. Bukaeran markagailua txukuntzea lortu bazuen ere. Momentuz bi garaipeneko aldea mantentzen du 9. sailkatuarekiko.

Baskoniaren porrota

Baskonia, bere aldetik, porrotarekin itzuli zen Bartzelonatik, baina duintasunez eman zuen amore, eta Bartzelona ahaltsua urduritzeko adorea erakutsi zuen 40 minututan (97-89). Ligan puntu gutxien jasotzen dituzten bi taldeek jokatu zuten elkarren aurka, baina partidan defentsa on gutxi ikusi zen, eta eraso jokaldi onak. Navarrok sekulako norgehiagoka egin zuen, 31 puntu saskiratuta, eta Maciej Lampek eman zion ordainekoa Baskonian. Poloniarrak txiki utzi zituen Bartzelonako pibot garaiak, eta 31 puntu saskiratu. Bostpasei puntuko aldean mugitu zen partida, eta sei minuturen faltan, 76-77 aurreratzea ere lortu zuten arabarrek. Bukaeran Navarro, Wallace eta Erazen Lorbekek erabaki zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.