Malko bakoitzari, txapela

Egiguren II.ak eta Lopezek gogotik lan eginda irabazi dute Munduko Pilota Batzarraren binakako zesta-punta txapelketako finala

unai zubeldia
2010eko urriaren 13a
00:00
Entzun
Gogorrena ere samurtu egiten da txapeldun handi bat negarrez ikusita. Azken 32 urteak atzeko koadroetan erakustaldiak emanez igaro ditu Felix Espillak. Goitik beherako eskuin kolpea, bi pareta bizia, errebes kontrolatua... Gazteenentzat eredu izan da eta izango da Felix. 48 urte beteta dago berriatuarra, eta buruak, gorputzak eta inguruak nahikoa dela esan diote; erakutsi beharrekoak erakutsita dauzkala. Gazteei lekukoa eman, eta bizitzako ziklo hori ixtea erabaki du bizkaitarrak. Baina omenaldiak jasotzen hasi aurretik eman nahi zuen azken kolpe bat. Munduko Pilota Batzarrak antolatzen duen binakako zesta-punta txapelketa irabazita itxi nahi zuen zikloa.

Baina goitik beherako eskuin kolpe ederrarekin 14-15ekoa lortu zuenean esan zion ipurmasailak ezetz; ez ziola utziko ametsa gauzatzen. Bereikua eta Felix tanto horrekin jarri ziren atzo lehen aldiz markagailuan aurretik. Baina Berriatuako atzelaria negar malkotan urtuta zegoen Egiguren II.ak tanto horretan huts egin zuenerako. Joan den igandean, finalerdietan, zaintiratua izan zuen Felixek Durangon, Beaskoetxea eta Irastorzaren aurkako partidan. Sufrituta, azken 32 urteotako maisutasuna erakutsita, partidari eutsi eta finalerako txartela lortzeko gai izan ziren Bereikua eta Felix. Baina ipurmasailak ziztada zitala zeukan gordeta.

Masaje landuei esker, hainbestean osatu zen Felix. Eta azken unera arte jokatu, ez jokatu, zalantzan egon bazen ere, motibazioz gainezka kantxaratu zen atzo Hondarribiko Jostaldi pilotalekura. Hamabost tantoko poza izan zen, ordea. Ziztada, ezina, malkoak eta amorrua. Tantaka-tantaka kanporatu zuen berriatuarrak barruko amorru guztia. Ez da samurra finala eta kirol ibilbide oparoa negar malkotan amaitzea. Baina txapela handi bana merezi du Felixen atzoko negar malko bakoitzak. Mina barruraino sartuta izango du, baina aurrerantzean harro esan ahal izango du profesionaletako azken partida ofizialean, azken tantoan, dotore astindu zuela eskuin besoa, eta berea izan zela tantoa. Egiguren II.ak eta Lopezek jantzi zuten atzo txapela, baina Felixena da txapel horien zati handi bat.

14-10ekotik 14-15era igarota, partida hasierako kontrola galduta zeuden Egiguren II.a eta Lopez. Baina Arriola hotz-hotzean sartu zen finalean, eta hoztasun horretan apurtu zen partida. Meritu handia dauka berriatuarrak, ez baita erraza final handi batean pilotari handi bat ordezkatzea, eta une honetan atzeko koadroetan dagoen pilotari osoenari aurre egitea. Baina Bereikuak zirt edo zart egin behar izan zuen Felixen lesioaren ondoren, eta izugarri asmatu bazuen ere, nahikoa eroso irabazi zuten finala faboritoek.

Lopez, perfekzioaren mugan

19-16, 24-21, 27-23... Bereikuak arriskatu egin zuen aurrean, eta Arriolak behartu gabeko hutsen bat edo beste egin bazuen ere, urdinek hainbestean eutsi zieten Lopezen latigoei eta Egiguren II.aren jokaldi amaiera biziei. Perfekzioaren mugan jokatzen du Lopezek atzean; pilota orduko 210 kilometrotik gorako abiaduran mugitzeko gai da. Eta horrek edozein izutzen du errebotea gain-gainean dagoenean. 30-26 zihoazela, Arriolak errebesez huts egin zuen atzeko koadroetan, eta hortxe joan zen finala estutzeko azken aukera. Felixek merezi ez zuen amaiera izan zuen finalak. Baina azken kolpean ere handi izaten jarraitzen duela erakutsi zuen berriatuarrak.



Egiguren II.a-Lopez 35

Bereikua-Felix/Arriola 27

Pilotakadak. 426.

Iraupena. Partidarena: 1.21.03. Jokoarena: 31.40.

Saketik. Egiguren II.ak 2; Bereikuak 0.

Egindakoak. Egiguren II.ak 13, Lopezek 6; Bereikuak 14, Felixek eta Arriolak 4.

Galdutakoak. Egiguren II.ak 3, Lopezek 6; Bereikuak 8, Felixek eta Arriolak 8.

Markagailua. 2-0, 2-1, 5-1, 5-2, 6-2, 6-3, 7-3, 7-5, 8-5, 8-6, 11-6, 11-8, 13-8, 13-10, 14-10, 14-15, 19-15, 19-16, 20-16, 20-17, 22-17, 22-19, 23-19, 23-21, 27-21, 27-23, 30-23, 30-26, 33-26, 33-27 eta 35-27.

Bestelakoak. Giro beroa Hondarribiko Jostaldi pilotalekuan. Partida hasieran, Joseba Llorente Realeko jokalariak jaurti zuen txapa airera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.