Iritsi da egun handia. Iazko azaroaren 9an iragarri zuten Giroko ibilbidea eta Passo Gavia mamua igoko zutela jakinaraztearekin bat, ikuskizuna ziurtatuta zegoela pentsatu genuen askok. Gavia tenteak, aurretik edo ondoren, mendateren bat edukitzea ere ona izango zela pentsatu genuen orduan, eta horrela izan zen: Tonale jarri dute aurretik, eta Bormio 2000 eski estazioan helmuga. 118 kilometroan zailtasun gehiago jartzea ezinezkoa da.
Hirugarren xehetasun bat ere lagungarria da, ikuskizuna erabatekoa izan dadin: sailkapen nagusia irekita egotea. Eta horrela izango da, Cunego gazteak errenta polita edukita ere, bizpahiru minutu beste hainbeste kilometroan gal daitezkeelako. Zalantza asko argituko dira gaur, itxuraz ondo zeudenek kale egin baitute (Pellizotti, Figueras), eta lehen astean kale egin zutenek (Juanma Garate) dezente hobetu dutela erakutsi dutelako.Cunego eta Simoni taldekideen arteko lehia da guztien artean interesgarriena, halere. Cunegok zaleen bihotza irabazi du, baina atzo kili-kolo ibili zen. Simonik haren erregetza onartuko duen ikusteko dago. Ziurra da Simonik ez duela erasotzeko ekimenik hartuko, Cunegoren aurkari zuzena izan daitekeen norbait mugitu zain, norbaitek txinpartaren bat piztu zain egongo dela haren atzetik joateko.Hauek dira osagaiak: Tonale mendatea aurrena. 14 kilometro %6ko gorako desnibelarekin. Gavia gogorretan gogorrena da, eta Bormio 2000, tripako mina sortzeko modukoa. 10 kilometro, eta pendiza %7,5ekoa. Banaka igo baietz!
TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA
Mamua zain dago!
Nagusia zeharo argitzeko dagoela korrituko da gaur Giroko etapa gogorrena: 118 kilometroan ezinezkoa da zailtasun gehiago jartzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu