Mamuak izara kendu du

Lagun Arok Valentzia hartuko du Illunben, Pesicen etorrerarekin beltzetik zurira egin duen talde bikaina

Andoni Urbistondo.
Donostia
2010eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Gertu mikrofonorik ez dutela jabetu ondoren, esaten dute: «Lastima entrenatzailea beranduago aldatu ez izana. Manolo Husseinek bere postuan gure aurka jokatu bitartean iraungo zuela espero nuen». Lagun Aroko kide garrantzitsu batek esana da, baina talde osoaren iritzia adierazten du. Valentziak beldurra ematen du entrenatzailea aldatu zuenetik, Svetislav Pesicek Hussein ordezkatu zuenetik. Bi partida bakarrik izan ditu serbiarrak aginte makila hartu zuenetik, baina nahikoa izan da Valentziak beltzetik zurira egiteko, mamuak izara kendu eta bere benetako aurpegia erakusteko. Valentziak CAI Zaragoza menderatu zuen ligan, joan den asteburuan, eta Panathinaikos ahaltsuari irabazi zion Euroligan, ostegunean, Atenasen bertan.

Taldeko agintariek espero zuten eragina izan du Pesicek. Alegia, kezkagarria zen egoerari buelta ematea. Izan ere, Valentzia zulo sakonean zegoen ACB ligako lehen zazpi partidak jokatu ostean, 1-6 balantzearekin. Emaitza txar horrek ondorio logikoa ekarri du, eta oso bestelako giroa dute orain Valentzian. Espainiako Kopan sartzeko erronkari eusten diote, zail badute ere, eta Euroligan ere Top16a jokatzeko itxaropena dute orain.

Valentziako taldearen hasiera txarra ulertzea zaila da. Egia da lesioekin-eta arazo franko izan dituztela, James Augustinek hiru hilabete emango dituelako osatzen, baina Valentziak talde puska dauka. Pablo Laso Lagun Aroko entrenatzaileak xehatu du aurkaria, ezin hobeto: «Joko antolatzaileetan, talde osoa dute. Cookek joko pausatua du gustuko, Simeonek azkarragoa, eta De Colok abantaila handia lortzen du bere garaierari esker». Lore gehiago: «Rafa Martinez zitala da, eta Claverrek, hiruko lerrotik asmatzen badu, edonor akaba dezake». Laso ez zen saskipearekin ahaztu: «Savanovic ligako hegal-pibot onenetakoa da, eta Javtokas, Listxuk eta Pietrus jokalari gogorrak dira defentsan».

Sona handiko garaipena

Laso partidaren zailtasunaz jakitun da, baina badu konfiantza saltzeko argudiorik. Lagun Arok zortzi partida irabazi ditu jarraian etxean, lau sasoi honetan, lau aurrekoan, eta talde sendoa bilakatu da Illunben. Gipuzkoarrek Cajasol, Estudiantes, Valladolid eta Bilbo Basket menderatu dituzte jada etxean, eta Valentzia ere zerrenda horretan sartzen bada, errespetua irabaziko du han eta hemen Lagun Arok. Valentzia talde handien multzoan ari den 12 milioi euroko taldea delako, eta etxean jarraian bost partida poltsikoratzea oso zaila delako, are gehiago Lagun Aroren moduko talde apal batentzat.

Jokalariek ahaztuta daukate, dagoeneko, Manresako kolpea. Profesionalak diren heinean, jakin badakite lehiaketak alde on eta txarrak dituela, eta alde ona da egun batzuetan aurreko jardunaldian gertatutakoa ahazteko aukera dagoela, etxeko lanak txukun egiten badira. Illunben ikus daitekeen norgehiagokaren inguruan hausnarketa interesgarria egin zuen Lasok: «Pesic lanean ari denetik oldarkorrago ari dira. 73 puntutan utzi zuten CAI, eta 69 puntutan Panathinaikos. Arriskuak hartzen dituzte defentsan. Falta asko adierazi dizkiote, baina abisua da guretzat, baloi asko ematen baititugu».

LAGUN ARO-VALENTZIA

Txapelketa. ACB ligako 9. jardunaldia.

Lagun Aro GBC. Uriz, Javi Salgado, Lasa, Baron, Sanchez, Lorbek, Panko, Tsikitixvili, Miralles, Doblas eta Kone.

Power Electronics Valentzia. Cook, Simeon, De Colo, Rafa Martinez, Richardson, Marc Fernandez, Claver, Listxuk, Savanovic, Pietrus eta Javtokas.

Sailkapena. Seigarren postuan dago Lagun Aro: 5-3 (+21); Valentzia 15. postuan dago: 2-6 (-18).

Lekua. Donostia Arena 2016 (10.700 ikusle).

Ordua. 18:00.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.