Mamuak uxatu dituzte

Lan erdiak egin dituzte Lehen Mailan, eta Athletic nahiz Osasuna aurreko sasoietan baino hobeto moldatu dira

Haritz Gallastegi /A
Legarda-Ereño.
2010eko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Bukatu da lehen itzulia Athletic eta Osasunarentzat, eta bien baitan aspaldian entzun ezin zen hitza da nagusi: lasaitasuna. Aurreko sasoietan baino lan hobea egin dute, eta urrun dituzte atzeko postuak zuri-gorriek, eta nahikoa urruti gorritxoek. Beste denboraldi batzuetako mamuak uxatu dituzte beste norabait.

Athletic

Talde sendoa, joko grisaeta emaitza onak

Athleticek lehen itzulia ona egin du. Futbolean, azken emaitzak dauka garrantzia. Puntuen arabera aztertzen da talde batek egindakoa. Neurri fidagarriena ere bada. Gehienetan bat etortzen baitira egindako jokoa eta irabazitako puntuak. Athleticen zenbakiak positiboak dira oso: 30 punturekin Europako Ligarako txartel zuzena ematen duten postuetatik hiru puntura dago, eta Txapeldunen Ligatik laura. Infernua, berriz, 13 puntura dauka. Horretaz gain, bizirik jarraitzen du Europako Ligan. Beraz, lehen itzuli honek ez dauka zerikusirik azken denboraldiotakoekin. Joan den sasoian baino lau puntu gehiago, eta duela denboraldi bi baino zortzi gehiago lortu ditu.

Athleticek logikaren kontrako bidea egin du lehen hemeretzi jardunaldietan. Logikak dio lan ona eginda irabazten direla puntuak. Ba, talde zuri-gorriak merezi baino askoz gehiago eskuratu zituen lehen itzuliaren aurreneko erdian. Erdipurdiko jokoa egin arren, zalantza askorekin, puntu asko pilatu zituen. Lasaitasun horrekin jokatzen hasi zenean itxuraldatu zen Caparrosen taldea. Azken hile biak arlo guztietan izan dira positiboak. Athleticek talde itxura eman du. Defentsako lanean egindako hobekuntzaren ondorioa izan da. Caparrosek Iraizozen atea behar den moduan zaintzeko giltza aurkitu du. Zelai-erdian egindako aldaketek eman diote denboraldi askoan bila ibili den sendotasuna. Carlos Gurpegi hasieratik jartzearekin bat. Eskuin hegalean jokatu arren, euskarriek egiten duten lana egiten du. Eusten laguntzen du, alegia.

Athletic tade ezerosoa da aurkarientzat. Talde moduan jokatuta ez du zailtasunik izango. Baina ez da komeni horrekin konformatzea. Athleticek arlo askotan hobetu baitezake oraindik. Erasoan, batez ere. Ligako taldeen artean baloiaren jabetza gutxien duen taldea da. Neurriak hartu behar dira. Ez da ezinezkoa. Athleticen badaude futbolean jokatzen dakiten jokalariak.

Osasuna

Eroso bai, lasai ez

23 puntu batu ditu lehendabiziko hemeretzi jardunaldietan. Bigarren itzulian beste horrenbeste batuz gero, mailari eusteko helburua bete egingo dutela argi dago, baina une honetan sailkapenaren erdian eroso antzean badaude ere, gorritxoek lasaitzerik ez dute. Aldea ez da hainbestekoa: hamazortzigarren postuan da Tenerife, eta sei puntu gutxiago besterik ez ditu.

Azken bi jardunaldietan bi garaipen lortu badituzte ere, Jose Antonio Camachoren mutilek aurreko hamar jardunaldietan partida bakarra irabazi zuten. Boladaka ari da Osasuna. Kili-kolo hasi zen, bikain erreakzionatu zuen gero hiru partida jarraian irabazita, baina sasoi hau aurrekoen ezberdina izango zela zirudienean emaitza bolada ezin txarragoan sartu ziren nafarrak.

Iragan sasoiko emaitzekin alderatuz gero, Osasuna sasoi honetan bikain ari dela esango duenik ez da faltako bazterretan. Iragan sasoian 13 punturekin amaitu zuten lehen itzulia gorritxoek, sailkapeneko azken postuan. Bigarren itzulian 30 puntu batu zituztelako eutsi ahal izan zioten mailari, eta argi dago alderaketa eginez gero, sasoi honetan askoz hobeto ari direla gorritxoak.

Bartzelona, Real Madril, Espanyol edo Atletico Madrilen aurka bezala jokatuz gero, ez da arazorik izango. Baina partida negargarriak ere egin ditu Osasunak, Valentziaren, Mallorcaren edo Deportivoren zelaian, esaterako. Talde handi guztien aurka etxean jokatu dute gorritxoek, eta bigarren itzulian partida samurragoak izango dituzte etxean. Hor dago gakoa. Estutasunik ez izateko, etxeko lanak ondo egitea nahikoa izango da. Baina egin egin behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.