Athleticek baieztatu du Ander Herrerak Bilboko taldearekin zuen kontratuaren aldebakarreko deuseztapena gauzatzeko arautegiak eskatzen dituen betebeharrak bete dituela.
Webgunean argitaratutako oharrean, Athleticek eskertu dio bertan egon den hiru denboraldietan egindako lana eta "etorkizuneko kirol proiektuetan zorterik onena" opa dio. Albistearen osteko lehen balorazio batean, Josu Urrutia presidenteak adierazi du: "Athletic Clubek bere proiekturako Kluba beren lehen kirol jomugatzat hartzen duten jokalariak" nahi dituela; eta Herreraren erabakia horrekin bat ez datorrenez "etsipena azaldu gura" izan du.
Gaur goizean, beste ohar baten bitartez adierazi du Manchester Unitedek Herrerarengatik egindako 36 milioi euroko eskaintzari ezetza eman diola, Urrutiaren agindupean dagoenetik taldeak izan duen jokabideari irmo eutsiz. Honen harira, Urrutiak esan du: “kontratua amaitu barik, eta kirol proiektuaren baitan egonda ere, alde egiteko aski ezagunak diren baldintza biak bereak egin ditu, hau da, alde egin nahia eta kontratuan zegokion hutsaltze klausula ordaintzea". Jakinarazi du ez dela une atsegina, baina filosofia eta lan egiteko era berean jarraituko duela taldeak, eta zera gehitu du: "Lantalde handi bat daukagu eta bertan jokalari lehiakorrak daude. Indar berberarekin segituko dugu aurrerantz".
Manchester Unitedek ere, bere webgunearen bitartez jakinarazi berri du futbolari bilbotarra taldeko jokalari berria dela. Lau urteko kontratua izenpetu dute, urtebetez luzatzeko aukerarekin. Rian Giggs, talde ingeleseko bigarren entrenatzaileak adierazi du, "Ander jokalari zoragarria, sormen eta indar handikoa" dela. "Poz-pozik" dago fitxaketa berriarekin eta "taldeko lanean ikusteko gogotsu".
Jokalariak, bere aldetik, esan du "egi bihurtutako ametsa" dela kontratu hau sinatu izana. Utzi berri duen taldeari buruz zera esan du: "Ez ditut sekula ahaztuko Athleticekin jokatutako denboraldiak, eskerrak eman nahi dizkiet beti babestu nauten zaleei eta, batez ere, nire taldekide izandako guztiei, onena desio diet etorkizunean."