Norberak esatea baino egitea da errazagoa. Casey Stoner gidariak dozenaka aldiz esan du GP mailan erakusten ari den nagusitasunaren arrazoia ez dela bere motorraren Ducati gorriaren abiadura bakarrik, berak ere baduela zerikusia. Baina ez diote jaramonik egin, eta hain motor ona gabe ez lukeela txapelketarik irabaziko esanez zirikatzen dute. Stonerri bost kritikak, eskura daukalako titulua. Garaipena lortu eta Rossi bost onenen artean iristen ez bada, harena izango da txapela. Bidean doa, eta Portugalen entrenamendu libreetako lehen saioan denborarik onena egin zuen. Non eta txapelketako zirkuiturik mantsoenean, abiadura hain erabakigarria ez den zirkuituan. Kritikak egin dituztenak isilduko ote dira, orain?
Valentino Rossik denbora onenen hirugarrena lortu zuen. Italiarrak ezinezkoa du ia txapelketa irabaztea, 85 puntura duelako Stoner. Yamahakoak, baina, ez du berehalakoan etsiko, eta garaipena lortzen saiatuko da bihar.
125 cc-ko kategorian Mattia Pasini italiarrarena izan zen denbora onena, eta hiru hamarreneko tartea kendu zion txapelketa irabazteko faboritoari, Gabor Talmacsi hungariarrari. Hector Faubel kataluniarra erori egin zen entrenamenduetako bigarren saioan, eta 17. postuan dago, oraingoz.250 cc-ko kategorian, azkenik, Jorge Lorenzo mallorcarrak ez zuen ustekaberako tarterik utzi eta denborarik azkarrena egin zuen.
Mantsoenean ere Stoner
Gidari australiarrak egin du denbora onena Portugalgo entrenamendu libreetan, eta titulua lortzeko bidean da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu