Goizeko seiak eta laurden aldera(hamaikak eta laurden Euskal Herrian) eraman dute Maradona Buenos Airesko Clinica Suizo-Argentina erietxera; hots, joan den osteguna arte egon zen ospitalera. Radio Mitrek azaldu duenez, anbulantzia batean eraman dute Buenos Airestik 50 bat kilometrora atseden hartzen zegoen etxaldetik.
Suizo-Argentina erietxean artatu duten medikuek azaldu dutenez, futbolari ohiak gehiegi jan du ospitaletik atera ondorengo egunetan, eta, horrek, aurretik zituen gizentasun arazoei batuta, arnasa behar bezala hartzeko arazoak sortu dizkio. Zainketa bereziko gela batean daukate Maradona, baina, hala ere, "egonkor" dagoela azpimarratu dute medikuek; futbolariaren pribazitatea gordetzeko jarri dutela zainketa bereziko gela batean.
Erietxeko medikuen agerraldiaren aurretik, Alfredi Cahe Maradonaren osagileak esan du Kubara abiatu aurretik "ohiko azterketa bat egiteko" eraman dutela ospitalera.
Maradonak bihotzeko eta arnas aparatuko arazo larriak izan zituen duela egun batzuk, eta hainbat egun egin zituen aipatutako erietxean ingresatuta, zainketa berezietako unitatean. Joan den ostegunean ospitaletik alde egitea erabaki zuen, bere kabuz, eta Buenos Aires kanpoaldeko etxalde horretan zegoen Kubara —droga menpekotasuna gainditzeko tratamendua egiten ari da han— joateko adina indartzeko zain.
43 urte ditu Maradonak, eta munduko futbolari handienetakoa izana da.
Futbola
Maradona erietxean ingresatu dute berriro
Diego Armando Maradona Argentinako futbolari ohi ezaguna berriro ere Buenos Airesko erietxe batera eraman dute. Hango medikuek azaldu dutenez, Maradonak gehiegi jan du egunotan, eta horrek, lehendik gizentasun arazoak zituenez, arnasa hartzeko arazoak sortu dizkio. Hala ere, egonkor dagoela azpimarratu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu