Kirolariek lehiatzea dute gustuko. Horretarako egiten dute lan egunero. Lehia da futbolarien motibazio iturri nagusia. Nekeza da jokatzeko aukerarik ez duela ikusten duen kirolariak aste barruan ondo lan egitea. Asteburuan jokatzeko aukera duela pentsatu behar du. Horrek eragiten dio ilusioa. Bada, Athleticeko jokalariek ez dute motibazioa galtzeko arrazoi handirik. Ez, behintzat, urtea amaitu bitartean. Izan ere, hurrengo hiru hilabete pasatxoan 22 partida ofizial jokatu beharko dituzte hiru txapelketa ezberdinetan.
Jakina da zuri-gorrien zaleek begiz jota dutela Espainiako Kopa, txapelketa bat irabazteko aukera ematen baitu kanporaketa bidezko lehiaketak. Europan lehiatzeak, berriz, jokalariei egiten die ilusio berezia. Beste txapelketa batzuetako taldeen aurka lehiatu eta profesional gisa hobetzeko aukera emango die Europako Ligako ligaxkak. Baina inolako zalantza barik, liga da garrantzitsuena. Espainiako Lehen Mailan lehiatzea da futbol talde baten etorkizuna bermatzen duen giltza. Maila galtzeak arazo ekonomiko ugari sortzeaz gain, futbol mapatik desagerrarazten du taldea.
Horregatik da garrantzitsua igandero bikain jokatzea. Xerezen kontra lehiatzeak ez du Austria Vienaren edo Werder Bremenen kontra jokatzeak adina ilusio sortuko, baina garrantzitsua da bikain aritzea eta, batez ere, emaitza ona eskuratzea. Liga hasi baino ez da egin. Beraz, norgehiagoka bat galtzeak ez dauka aparteko garrantzirik. Baina partida irabazteak asko eman liezaioke taldeari. Batetik, bigarren partida jarraian irabazteak konfiantza emango die jokalariei. Bestetik, taldearen ingurua lasai mantenduko da. Hori guztia batuta, bederatzi hilabeteko lehiaketa eramangarriagoa izan daiteke taldearentzat. Hasieran puntu asko irabazteak burua hotz mantentzen laguntzen du emaitza bolada txarra ailegatzean. Kolpea hartuz gero, min gutxiago hartzen da puntu askoko koltxoia izanez gero.
Serio eta motibazioz gainezka egin beharko dio aurre Athleticek Xerezi, garaipen goseari dagokionez «beste inork» ezin baitu talde zuri-gorria mendean hartu. Hori dio, behintzat, Caparrosek. Ezta Lehen Mailara igo berri den talde batek ere. Xerezek gaur jokatuko du lehen aldiz gorengo mailan zaleen aurrean. 62 urte kosta zaio egun Jose Angel Zigandak zuzentzen duen taldeari Lehen Mailaran berriro jokatzea. Azken denboraldiotan behin baino gehiagotan egon da gertu, baina joan den ekainera arte ezin izan zuen lana behar den moduan borobildu. Orain mantentzea da xedea. Horretarako, joan den sasoian ondo aritu zen taldearen bizkarrezurra mantentzea erabaki dute agintariek. Ez dirudi, gainera, asko kostako zaienik maila berrira egokitzea.
Etxeberria eta Ocio, deialdian
Caparrosek aldaketa bi egin ditu deialdian, Xerezi aurre egiteko. Ocio eta Etxeberria sartu ditu; lehena min hartuta egon da orain arte, eta, bigarrena, Haroren aurkako lagunartekoan hiru gol sartu zituen. David Lopez eta Ander Iturrasperen partez aukeratu ditu teknikariak -euskarri gazteak bigarren taldearekin jokatu zuen atzo-. Mikel San Jose, berriz, deialditik kanpo geratu da beste behin. Athleticek egin duen azken fitxaketak eman behar du zeresana, baina ez dirudi kontu positiboengatik izango denik.
Hamaikakoaren gainean ez du azalpenik eman entrenatzaileak. Beraz, ikusteko dago Ustaritzek taldean jarraituko duen edobehin osatu ostean Ocio izango den Amorebietaren ondoan jokatuko duena. Bestalde, txartel pilaketa tarteko, Europako ligaxkako lehen partida ezingo dutenez jokatu, pentsatzekoa da De Marcos eta Javi Martinez hasieratik ariko direla. Beste postu bietan aritzeko Muniainen, Susaetaren, Yesteren, Gabilondoren eta Gurpegiren artean bi aukeratu beharko ditu. Datorren osteguneko partidarako dituen asmoen araberakoa izango da bi jokalarien artean aukeratzea. Aurrean, Llorentek eta Toquerok jokatuko dute.
Maratoi gogorraren hasiera
Athleticek hiru txapelketa eta 22 partida jokatuko ditu urtea amaitzerako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu