Usain Boltek badu ordezkoa: Marcell Jacobs italiarra. Hura da 100 metroko probako olinpiar txapeldun berria. Egin duen marka: 9.80. Europako marka hobetu du. Haren atzetik sailkatu dira AEBetako Fred Kerley (9.84) eta Kanadako Andre de Grasse (9.89). Italiarrak atzetik aurrera egin du, eta azken txanpa indartsu bati esker lortu du garaipena. 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetatik ez zuen Europako atleta batek irabazten proba hori. Linford Christie (Britania Handia) izan zen, eta 9.96ko denbora egin zuen.
Zalerik gabe, eta Bolten faltan, finalak ez du aurrekoen ikuskizuna izan. Hotzagoa izan da, eta irekiagoa. Ez zegoen faborito argirik. Lehen irteera baliogabea izan da, eta epaileek Zharmel Hughes kanporatu dute, nabarmen aurretik ateratzeagatik. Bigarrena bai, balekoa. Lehen 50 metroetan Kerley izan da nagusi. Baina atzo emakumezkoen finalean gertatu bezala, atzetik etorrita Jacobesek aurrea hartu dio bigarren zatian, eta garaipen argia lortu du. Kerleyk zilarrarekin konformatu behar izan du, eta De Graseek, 2016ko Rioko Olinpiar Jokoetan bezala, brontzearekin. Proba amaitzerako Jacobsenek zain zuen Gianmarco Tamberi herrikidea. Tamberik urrea irabazi du gorako jauzian.
Paolo Camossi da Jacobsen entrenatzailea. Saskibaloia aukeratzear egon zen, hori baitzen bere aitak egiten zuen kriola. Aita AEBetakoa da, eta ama italiarra. Baina azkenean atletismoa aukeratu zuen. Eta ez zuen hanka sartu. Ikaragarria izan da azken bi urteetan izan duen bilakaera. Izan ere, Dohako Munduko Txapelketetan ez zen finalean ere egon. Finalerdietan 10.20ko marka egin zuen. Pandemian gogor entrenatu zen, eta horrek saria izan du. Atletismoaz gain, 1 Formula du gustuko. Lewis Hamilton miresten du.
Berez, finala baino lehen denborarik onena Kerleyrena eta Bingtian Su txinatarrarenak ziren. Biek 9.83ko denbora egin dute finalerdietan. Baina Jacobsek eman du abisua, Europako marka ezarri baitu: 9.84. Finalerdietan ezustea izan da Trayvon Bromell, Bolten ordezko izateko hautagai nagusia, kanpoan geratu dela. Atzo ere denborengatik sailkatu zen finalerdietarako. 9.77ko marka zuen aurten, onena. Baina oso urruti geratu da hortik. 10.00eko marka egin du finalerdietako lasterketan. Bestalde, adierazgarria baita ere, ez da Jamaikako atletarik izan finalean. 2004ko Atenaseko Jokoetatik ez zela Jamaikako atleta bat falta 100 metroko probako podiumean.
Yulimar Rojasen munduko marka
Baina izan da atletismoan beste albiste azpimarragarri bat: Venezuelako Yulimar Rojasek munduko marka ezarri du salto hirukoitzean, 15.67 metro.Txiki utzi du aurreko marka, 17 zentimetroan gainditu baitu. Artean, Inessa Kravet ukrainarrak zuen: 15.84 metro, 1995eko Gobeborgeko Munduko Txapelketan lortu zuen.
Rojasek finala baino lehen iragarri zuen ikuskizuna izango zela, eta hala gertatu da. Bera zen Olinpiar ziklo honetan 15 metroak gainditzea lortu duen atleta bakarra. Hamabost aldiz zuen egina, eta gaurkoan izugarria izan da erakutsi duen maila. Lehen saltoan jada 15 metroak erraz gainditu ditu: 15.41, hain zuzen ere. Marka horrekin, finalean hasterako eskuetan zuen urrezko domina. Txapelketa osoan erakutsi du, gainera, oraindik gehiago saltatzeko ahalmena duela. Zalantza bakarra zen ea Kraveten marka gaindituko zuen, eta hala izan da.