Saskibaloia

Maria Asurmendik Araskin jarraituko du, eta Toch Sarrek, IDKn

Denboraldi baterako berritu dute kontratua bi jokalariek.

Maria Asurmendi. BERRIA
Aitor Manterola Garate.
2020ko ekainaren 16a
21:47
Entzun

Ari dira Kutxabank Araski eta IDK Euskotren datorren denboraldirako taldeak egiten. Arabarrek kontratua berritu diote Maria Asurmendiri, eta gipuzkoarrek gauza bera egin dute Toch Sarrekin. Biek luzatu dute lanerako hitzarmena denboraldi baterako.

Asurmendi nafarrak bigarren sasoia beteko du Araskin. Maila bikaina eman du 34 urteko joko antolatzaileak aurreneko denboraldian: minutu gehien jokatu du, eta 9 puntu sartu, 2,5 errebote hartu, eta 2,7 asistentzia eman ditu. Hamabosgarren denboraldia beteko du liga nagusian. Asurmendi eta Anna Cruz fitxatu berria dira oraingoz datorren denboraldiko jokalari bakarrak.

Sarr ere asko aritua da elitean, eta hamargarren sasoia beteko du IDKn 36 urteko senegaldarrak, bi alditan banatuta. 2009an fitxatu zuen Donostiako taldeak Ferroletik, eta, bi denboraldi egin eta gero, Gironan aritu zen 2011tik 2013ra arte. Orduan itzuli zen oraingo taldera, eta han aritu da zazpi urte hauetan. 2.026 puntu sartu ditu, 1.018 errebote hartu, eta 529 asistentzia emateko gai izan da. IDK-k zortzi jokalari dauzka datorren sasoirako: Lara Gonzalez eta Joyce Cousseins-Smith joko antolatzaileak, Laura Garcia eta Mehryn Kraker eskoltak, Maria Eraunzetamurgil eta Julia Gladkova hegalekoak, eta  Toch Sarr eta Meiya Tirera barruko jokalariak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.