Jose Mourinho eta Milango Inter izen handiak dira futbolaren munduan, errespetua, begirunea eta ezinikusia eragiten dutenak ia neurri berean. Batik bat, bi horien bideak bat egin eta duela bi denboraldi Europa menderatu zutenetik. McDonald Mariga, Realak denboraldirako fitxatutako jokalari sonatuena, portugaldarraren aginduetara egon zen sasoi hartan, eta horretaz baliatu ziren agintari gipuzkoarrak kenyarraren etorrera gorbataz janzteko. Hain zuzen ere, zaleen artean berebiziko ikusmina piztu duelako uler litezke Bartzelonaren kontrakoaren ondoren harmailetan utzitako zalantzak. Berehalako errendimenduaren menpe dago. Zubietan, aldiz, lasai daude, eta oso gustura haren lanarekin.
Ez zen bete-betean iritsi Donostiara, haren aurreneko bi agerraldiek erakutsi zutenez. Philippe Montanier eta haren lantaldea horren jakitun ziren hasieratik. Neurtutako arriskua da, ordea. Jokatzeareen poderioz afrikarraren ekarpena baliotsua izango delakoan daude. Funtsezkoa frantziarraren makineria olioztatzeko. Antza denez, Marigak Gian Piero Gasperini Interreko entrenatzailearen begiradapean Milan aldean egin zuen denboraldi-aurrea oso gogorra izan omen zen, karga handikoa, eta horrek arintasuna kendu dio. Distira falta zaio, eta neurketaren azken zatira osoago iristea, freskoago. Denbora izango du, entrenatzaileak ez duelako hamaikakotik kentzeko inolako intentziorik. Gainera, Realak jokatutako azken bi partidetan, Granada eta Mallorcaren aurka, ikusi da goraka doala Mariga.
Sevillakoan izan ezik, euskarriaren aldamenean jokatu du orain arte, areaz area mugitzeko gaitasuna baitu, atzetik aurrera indar handiz. Atzean baloia harrapatu eta jokaldia amaitu. Boos to boos.Marigaren aurkezpen egunean erabili zuen esapidea Lorenek, Ingalaterrako Premier Leaguetik hartuta. Frank Lampard, Steven Gerrard… ezaugarri horiek dituztenak deskribatzeko erabili ohi da. Funtzio hori bete dezan eskatu dio Montanierrek lehen egun hauetan, golak sar ditzakeelakoan. Halere, arlo horretan ez da inoiz nabarmendu. Errematea egiteko lekura behin eta berriz iritsi arren, ez du kontrarioari gola sartzeko aparteko erraztasunik erakutsi. Italian, esaterako, 99 partida jokatu zituen, eta lau gol sartu. Ez dira zenbaki ikusgarriak inolaz ere. Hori dela eta, ez da harritzekoa izango zelaian atzera egitea, aingura moduan jokatuz, kokapena finkatuz euskarrian. Interrera iritsi berritan, taldeari oreka emateko futbolari ezin aproposagoa izan zitekeela argudiatu zuen Mourinhok. Atzelarien aurretik aritzekoa zen euskarria, inguruan talentu handiagokoak utziz. Joan-etorri gutxiagorekin, baina eraginkorrago, deusezteko gaitasun handiagoa duelako sortzeko baino. Gainera, goitikako jokoan ahaltsua da. Hala, jokaldiak hegaletatik datozenean erdiko atzelarien artean koka liteke defenditzeko, bosteko lerroa osatuz. Defentsa lana sendotuko luke. Italiako Ligan ezer ikasi badu, egungo Real Madrileko entrenatzailearekin eta Rafa Benitezekin erdialdean behar bezala kokatzea, mugitzea izan da. Maisu bikainak izan ditu, behintzat. Edozein modutan, jokalari interesgarria da oso Mariga, Realari ekarpena egingo diona. Montanierri dagokio orain kenyarraren ahalmena zukutzea.
Azken bi hamarkadetan, George Weah PSG eta Milaneko aurrelari trebearekin hasita, afrikar futbolari dohatsu gehienek Frantzian egiten dute lehen geldialdia Txapeldunen Ligako talderen batera joan aurretik. Hor daude Didier Drogba, Toure Yaya, Michael Essien, Emmanuel Adebayor edo Marouane Chamakhen adibideak. Bestela, talde handien haztegietara jotzen dute zuzenean gaztetxoak direnean. Besteak beste, Samuel Etoo Real Madrilera joan zen 16 urterekin, Nwankwo Kanuk urtebete gehiago zuen Ajaxen eskolara iristean.
Marigaren ibilbidea, aldiz, oso bestelakoa izan da. Nairobiko Kamakunji futbol ikastegitik Suediako Liga apalera egin zuen salto 18 urterekin. Lehenik, Enkonpings SK talde amateurrean aritu zen. Helsingborgs maila nagusiko taldeak fitxatu zuen ondoren. Segituan izan zituen atzetik Europako ligarik indartsuenetariko begiraleak. Portsmouth Ingalaterrako taldeak jo zuen inork baino lehen haren atea. Garai hartan, Harry Reedknappen gidaritzapean, maila nagusian ari zen Portsmouth, eta bi miloi euro ordaindu zituen. Fitxaketa, ordea, ez zen inoiz gauzatu, Erresuma Batuan lan egiteko baimenik ez zuen jaso eta. Horretaz baliatu zen Parma 2007an Alpeez bestalde eramateko. Burokraziak ziria sartu zion bigarrenez handik hiru urtera. Artean Parmako langile, Manchesterrerako hegaldiak begiratzeari ekin zion Marigak, Cityn jokatzeko. Ezin. Lan baimenak kale berriro. Interren amaitu zuen, hamar milioi euroren truke.
Isila eta langilea
Korrikalari handien sehaska da Kenya. Urrutira jo gabe, aurreko igandean Patric Makauk munduko marka ondu zuen maratoian. Daeguko Munduko Txapelketetan jaun eta jabe izan dira, eta Pekingo Olinpiar Jokoetan hamalau domina kolkoratu zituzten iraupen ertain eta luzeko atletismo saioetan. Afrikako herrialderik distiratsuena izan zen, Etiopia gaindituz. Pamela Jelimo, Brimin Kipruto, Samuel Wanjiru, Nancy Kagat eta Wilfred Bungeik urre kolorekoarekin bueltatu ziren etxera. Bestelako kiroletan ez du halako hazkunderik izan inondik ere. Futbolean, esaterako, Dennis Oliech gaztetan Marigarekin ibilitakoa izan zen Europan jokatzen lehena, 2006an, Naonedekin. Oso berandu. Hortik aurrera nekez aurki litezke kenyar futbolariak. Hasi berriak direla esan daiteke. Marigatarrenean, hori bai, inoiz ez da baloirik falta izan. Hain justu, Realeko jokalariaren anaietako batek, Victorrek, Celtic Glasgown dihardu. Beste bi, berriz, Thomas eta Sylvester, etxeko Superligan ari dira. Noah aitak ere jokatu zuen bere garaian.
Zubietako langileek diotenez, mutil isila da, lotsatia, oso langilea. Jeffrey Sarpongekin ongi moldatzen denez, berarekin igarotzen du astirik gehien. Asier Illarramendi eta Iñigo Martinezekin esertzen dira askotan bi horiek jangelan. Donostian poz-pozik dagoela esaten die erdilariak gertukoenei, erraz hartu diola neurria eta ez duela egokitzeko inolako arazorik izango. Italiera eta ingelesa dakizki, besteak beste. Nahikoa eta sobera tokiz kanpo ez sentitzeko. Interrek utzita ari da, eta denboraldia amaitzean jokalaria fitxatzeko aukera izango dute txuri-urdinek. Bost milioi euroko etete klausula du.
Marigaren garrantzia
Realeko entrenatzaile taldeak uste du erdilari kenyarrak atzetik sartuz golak sar ditzakeela, eta horregatik ari da euskarriaren ondoanJokatzearen poderioz haren ekarpena baliotsua izango delakoan daude klubean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu