Estreinakotik hamahiru urtera eta azkenekotik bostera lortu du Mark Cavendishek (Deceuninck) 31. garaipena Frantziako Tourrean. Denbora luzez sasoi onenetik oso urrun ibili da, baina patuak nahi izan du horren oroitzapen onak dakarzkion Fougeresko helmugan berriro ere azkarrena izatea, laugarren etapan. Hain zuzen ere, hantxe irabazi zuen azkenekoz Tourrean.
Sam Bennett taldekidearen hutsunea eta gero, Man uharteko esprinterra Tourreko zortzikoan sartu zuten azkeneko unean, eta berak ere espero ez zuen saria jaso du: 31. garaipena. Eddy Merckx handia bakarrik du aurretik, hiru garaipen gehiagorekin besterik ez. 152 aldiz jaso ditu besoak profesionaletan, horietatik 49tan itzuli handietan. Baina gaurko garaipena, handiena bezain gozoa eta berezia izan da.
Etapa hasi eta kilometro gutxira hanka lurrera bota dute tropeleko txirrindulari guztiek, protesta modura. Astelehenean gertatutako erorikoez eta dituzten segurtasun neurri gutxiez kexatu dira. Txirrindulari Profesionalen Elkarteak Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunari (UCI) eskatu dio lasterketako antolatzaileekin biltzeko, segurtasun neurriak handitzeko. Horrez gain, etapa amaieretan gertatu ohi diren erorikoak saihesteko, denborak bost kilometroren faltan hartzea proposatu du elkarte horrek. Egun, hiru kilometro dira.
Protesta amaitu eta berehala hasi da sua. Pierre-Luc Perichonek (Cofidis) eta Brent van Moerrek (Lotto) aurrera egin dute. Ehun kilometrotik gora egin dituzte ihesean, eta hiru minututik gorako aldea izan dute. Baina tropelak kontrolpean izan ditu uneoro. Hamazazpi kilometroren faltan, Van Moerrek erasoa jo, eta bakarrik alde egitea erabaki du. Helmugarako hamarrera, minutuko aldea izatera heldu da, eta tropelari uste baino gehiago kostatu zaio hura harrapatzera. 200 metroren faltan irentsi zdu. Tropela bat eginik ailegatu da helmugara, eta esprintean Cavendish gailendu da, Nacer Bouhanni (Arkea), Jasper Philipsen (Lotto) eta Michael Matthews (BikeExchange) bezalako esprinter handien aurretik. Sailkapen nagusian ez da aldaketarik egon, eta Mathieu van der Poelek (Alpecin) lider jarraitzen du.
Bihar, erlojupekoa
Taldekako estrategiak alde batera utzi, eta bakarkako lanari ekin beharko diote bihar txirrindulariek, Change eta Laval herrien artean dauden 27,2 kilometroak osatu beharko dituzte erlojuaren aurkako saioan. Ibilbidea nahiko laua da, aparteko zailtasunik gabekoa. Gorputz guztian zehar dituen zauriek uzten badiote, aukera polita izan dezake Primoz Roglicek (Jumbo) sailkapen nagusian duen atzerapena murrizteko. Lehen postuak nola dauden ikusita, Van der Poelek maillot horia gal dezake, herbeheretarra ez baita espezialista erlojuaren aurkako lanean.