Esprinterrek aukera ona galdu zuten Dunkerqueko 4 Egunetako bigarren etapan, Mark Streel belgikarrak haien zaintza saihestea lortu eta bakarrik helmugaratu zelako. Etapaz gain lidergoa ere lortu zuen Streelek. Ez litzateke harritzekoa izango lider berriak 2.1 kategoriako proba hau irabaztea, 1.22ko aldea kentzen diolako Cofidis taldeko Jimmy Casperri, herenegungo etapa garaileari eta atzo arte lider zenari, eta 1.23 Jean-Patrick Nazoni (Ag2r). Etapa gaiztoa du gaur aurretik Streelek, Hondschooten hasi eta Longuenessen bukatu. Helmuga gain txiki batean dago, eta ibilbidea nahiko gorabeheratsua da. Luzea da hirugarren etapa, 200 kilometrokoa. Biharkoa ere ez da erraza, baina lidergoari orain daukan aldearekin eusten badio, nekez kenduko diote 1.22ko errenta 12,5 kilometroko erlojupekoan, etzi.
Streel bakarrik ahalegindu zen ihesean, eta helmugara iristea lortu zuen, esprinterren taldeak lanean serio hasi zirenerako berandu zelako. Streel bera, hala ere, indartsu aritu zen ekin eta ekin, eta ezin meriturik kendu. Tropeleko esprintean Jean-Patrick Nazon frantziarra izan zen bigarren, Roger Hammond britainiarra hirugarren (MrBookmaker) eta Max Van Heeswijk holandarra (US Postal Service) laugarren .
TXIRRINDULARITZA
Mark Streelentzat etapa eta lidergoa
Landbowkrediet taldeko belgikarrak tropelaren zaintza hautsi zuen, eta erraz nagusitu zen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu