Marka ontzeko gogoaren bultzadaz

Castrok irabazi du San Miguel ligako azken-aurreko bandera Bermeon, hamabigarren garaipena lortuz

Aitor Manterola Garate.
2009ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Udazkenean ez dira jokatzen traineru estropadak. Udan aritzen dira. Urtaro hori dute berezko lekua lehiarako. Udazkena gainean da, baina traineruak uretan daude oraindik. Bukatua behar lukeen denboraldia luzatu egin du San Miguel ligako azken asteburuak. Kontxako Bandera jokatu eta gero, piper asko galtzen du arraunak, eta, aurten bezala, liga osoki erabakita baldin badago, piper guztia kentzen zaio. Testuinguru horretan jokatu zen atzo, Bermeon, ligako azken-aurreko estropada.

Beraz, ez da harritzekoa, ezer jokoan ez izanda, entrenatzaileek ordezko arraunlariei aukera ematea. Atzo horixe egin zuten denek. Zortzi kluben artean bakarrak zeukan motibazio eta gogo berezia. Castrok, ligako garaileak. Atzo arte hamaika bandera zituen irabazita aurtengo ligan. Duela lau urte, 2005ean, Astillerok hamabi irabazi zituen. Atzoz geroztik, Kantabriako bi klubak berdinduta daude. Castro beste zazpi traineruak baino hobea izan zelako, beste behin. Sasoi guztian bezala garaitu zituelako besteak. Atzetik aurreranzko lana eginez. Ondo hasi eta hobeto bukatuz. Bigarren txandan lehiatu ziren lau oilarrak: Castro bera, Orio, Hondarribia eta San Pedro. Beste hirurek ere ligan egindakoa berriz egin zuten, gutxi asko. Beti estutu izan du norbaitek traineru gorria, gero amore emateko. Atzo, Oriok gogortu zuen. Hondarribiak ere bai pixka bat. Lehen luzean, biak zituen aurretik Castrok. Hiru segundo gehiago behar izanzituzten Etxaberen arraunlariek. Bigarren luzean ere estu ziren hirurak. Baina ziabogara heldu baino pixka bat lehenago, ia-ia estropadaren burua hartu zuen La Marinera-k. Oriorekin berdinduta eman zuen buelta, eta Hondarribia bi segundora zeukan. Hirugarren luzean buruan jarri zen Castro, baina Orio indartsu zebilen atzo. Lehia bizi-bizia zeukaten biek. Hondarribia atzeraxeago zuten, eta San Pedro are atzerago. Hasieratik galdu zituen Libia-k beste hiru traineruak, eta lan txarrak izaten dira horiek.

Hirugarren ziabogan, Kantabriako trainerua zen buruan. Orio segundo batera zeukan. Hondarribia bostera, eta San Pedro hamazazpira. Banderaren jokoa biren arteko lehia zen. Estua izango zela ematen zuen. Baina irabazi duen gehienetan egindakoa berriz egin zuen Castrok. Azken luzean txikitu zuen gertu zeukan aurkaria. Bere-berean lanean jarraituz, handituz joan zen oriotarrekiko tartea. Helmugan, sei segundo aurretik sartu zen ontzi gorria. Oriok, lan ona eginez, bigarren bukatu zuen. Hondarribiari hamabi segundo kendu zizkion, azkenean, garaileak. San Pedrori hogeita bost.

Hortik atzera sailkatu ziren lehen txandako lau traineruak. Hurrenkera honetan: Pedreña, Urdaibai, Kaiku eta Zarautz. Eguraldiaren baldintza txarragoak izan zituzten laurek, eta halakoak izan ziren gero, txanda batetik besterako aldeak. Pedreña nagusitu bazen ere, lehen luzean aurretik zeuzkan Kaiku eta Urdaibai. Baina bigarren luze ikusgarria egin zuen poparean. Ziabogan bi segundo atzetik zuen Urdaibai, eta hirura Kaiku. Hirugarren luzean handitu egin ziren aldeak, eta laugarrenean ez zen aldatu egoera. Txandako laugarren Zarautz izan zen, oso atzean.

Gaur bukatuko da San Miguel liga, Portugaleten (12:30ean). Atzoko txanda berdinak izango dira. Castrok marka ondu nahiko du, hamahirugarren bandera irabaziz.



Sailkapena

SAN MIGUEL LIGA

1. Castro 182 puntu

2. San Pedro 150 pt.

3. Hondarribia 144 pt.

4. Orio 143 pt.

5. Pedreña 135 pt.

6. Urdaibai 116pt.

7. Kaiku 99 pt.

8. Zarautz 88 pt.

9. Tiran 69 pt.

10. Zumaia 59 pt.

11. Meira 36 pt.

12. Arkote17 pt.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.