Ligan ibilbide onean jarraitzen du Athleticek, bosgarren jardunaldian Santa Teresari 1-2 irabazi eta gero. Badajozekoak aurreratu dira markagailuan, 15. minutuan Marianek gola eginda. Bigarren zatian, erasora jo du Athleticek puntuen bila, eta jaso du fruitua; Lucia Garciak lortu du berdinketaren gola, buruz eginiko erremate baten bidez. Hamar minuturen faltan, berriz, garaipenaren gola egin du Nekane Diezek.
Bost jardunaldi jokatuta, hamahiru puntu pilatu ditu oraingoz Athletic. Hurrengo partida asteazkenean jokatuko dute zuri-gorriek; Txapeldunen Ligako final hamaseirenetako itzuliko partida jokatuko du Fortuna Hjorringen etxean.