Osasunaren elastikoarekin Lehen Mailan inoiz jokatu jokalaririk zaharrena bilakatzear da Ricardo Lopez Felipe atezaina (Madril, 1971), baina, orain artean bezala, lanak txukun egiten jarraitzea da Ricardoren kezka bakarra. Sasoi honetan maila onean ari da, eta Asier Riesgok bere itzalean jarraitzen du oraingoz. Pozik da Iruñean Ricardo, sei denboralditan 188 partida jokatu ditu gorritxoekin eta amaiera gertu dagoela jakin arren, ez du horretan pentsatu ere egin nahi.
Valentzian berdinketa ona lortu zenuten; nola iritsiko zarete Zaragozaren aurkako partidara?
Ondo, oso ondo, astelehenean lortutakoak adorea eman digu, 3-1 galtzen ari ginen atsedenaldian eta puntu bat lortu genuen amaieran. Ezin hobeto iritsiko gara Zaragozaren aurkako partidara. 2010eko azken partida da, etxean jokatzen dugu, gure zaleen babesa izango dugu eta aurkari zuzena da Zaragoza. Partida handi bat izateko osagarri guztiak ditu, eta ezin dugu kale egin.
Gutxitan amaituko zenuen pozik hiru gol jaso ostean, ezta?
Bai, egia da. Halere, azken unean partida irabazteko aukerak ere izan genituen, eta aho zapore gazi-gozoarekin amaitu genuen lehia. Futbola horrelakoxea da, dena dela, onerako eta txarrerako.
Ligako bi jokalari zaharrenak izan zineten aurrez aurre Mestallan, Valentziako atezaina, Cesar, eta Osasunakoa, zu.
Bai, gaur egungo lan metodologiari esker adina ez da lehen bezain erabakigarria. Urteetan aurrera egin arren, fisikoki ondo egoten dira futbolariak gaur egun. Profesionala izatea da gakoa. Gaur egun bizi-itxaropena orain urte batzuk baino handiagoa da, eta kirolarion errendimenduak ere hobera egin du. Lehen, erretiroa hartzeko 65 urte bete behar zenituen; orain, 67ra igo nahi dute, ezta? Kar, kar! Bada, futbolean ere, berdin.
Cesarrek epelak entzun behar izan zituen Osasunaren aurka egin lanagatik. Partida txar bat daukazuen bakoitzean zahartuta zaudetela entzuteak min egiten al du?
Gure lanaren ezaugarrietako bat da hori, futbolariak oso ondo bizi garela esaten du jendeak, eta ez dut hori ukatuko, baina batzutan egundoko kritikak jasan behar izaten ditugu. Zelaian egiten duzunaren arabera epaitzen zaituzte, eta galtzen duzunean erantzukizunaren zama bizkar gainean eramaten duzu etxera. Futbolaria eguneko 24 orduetan da futbolari, nahiz eta askoren ustez goizetan bizpahiru ordu soilik lan egiten dugun. Batzuek badakite hori baloratzen, baina beste askok, ez.
Hamabi egun barru 39 urte beteko dituzu. Inazio Eizagirreren marka gainditzetik gero eta gertuago zaude —39 urte eta 78 egun zituen egunean jokatu zuen azken aldiz atezain gipuzkoarrak Osasunarekin—.
Horrek ez nau batere kezkatzen, benetan. Errekorrek eta markek ez didate loa galarazten, eguneroko lanean jartzen dut nik arreta guztia.
Osasunaren historian tokitxo bat izateko aukera ederra duzu, dena dela.
Iruñean egin lehen urtean laugarren postuan amaitu genuen Liga, Txapeldunen Ligako atarikoa jokatzeko sailkapena lortuz. 39 urterekin jokatzegatik marka berria ezartzeari baino garrantzi gehiago ematen diot horri.
Udan klubak Asier Riesgo fitxatu zuenean presiorik nabaritu al zenuen? Debakoak Alberto erretiratu zuen Realean, bere ibilbidea Valladoliden 39 urterekin amaitu zuen beste atezain bat, hain zuzen ere.
Ez nekien hori, baina taldekide berri bat iristen denean eskuzabalik hartu ohi dugu beti aldagelan, eta Asierren kasuan ere berdin gertatu da. Nire ibilbidean askotan gertatu zait atezain berriekin lehiatu beharra izatea, gazte mailetan Atletico Madrilen harrobian ari nintzenean ere ohikoa izaten zen sasoi bakoitzean atezain berri bat edo bi izatea. Ohituta nago. Eta lehia izatea garrantzitsua da futbolean, baina presiorik gabe. Asier mutil zoragarria da gainera, gustura aritzen naiz lanean berarekin eta Jabier Bikuñarekin [atezainen prestatzailea da Bikuña].
Dino Zoff gogoan al daukazu?
Bai, 40 urterekin Espainiako Munduko Kopa irabazi zuen Italiako selekzioarekin, atezain mitikoa zen; gogoratzen dut, noski. Finala Santiago Bernabeun jokatu zen, eta oker ez banago Tardellik egin zuen 3-1ekoa Italiarentzat. Umea nintzen, baina ondo gogoratzen dut.
Zoffen moduko aurrekariak izatea lagungarria al da zure adinean maila gorenean jarrai dezakezula berretsi ahal izateko?
Bai, baina berriro esango dizut, adinak ez nau batere kezkatzen.
Atezainek zelaiko jokalariek baino urte gehiagotan lehiatu dezakezuela sinetsi ohi du jendeak, baina datuei begira Donato erdilaria eta Carboni atzelaria dira Espainiako Ligan inoiz lehiatu jokalari zaharrenak.
Datua hor dago, ez nekizkien gauza asko esan dizkidazu gaur. Baina etorkizunean gehiegi pentsatu gabe eguneroko lanean jartzen dut nik indar guztia.
Zure adinean ezinbesteko jokalaria sentitzeak poza eragiten dizula ez didazu ukatuko, dena dela.
Hori gezurra da, ezinbestekorik ez dago hemen, inor ez da ezinbestekoa. Partida guztiak jokatzen ari naiz, eta gauzak ondo egiten ari naizela uste dut, baina era berean txakaldirik ezin dudala izan ere badakit, egunero ondo aritzea eskatzen digute futbolarioi eta gauzak azkar alda daitezke.
20 partida jokatuz gero kontratua beste urtebetez luzatuko dizute, eta dagoeneko 15 jokatu dituzu. 40 urte ere Osasunan beteko dituzula dirudi.
Auskalo, hogei partida jokatuz gero, kontratua luzatzeko eskubidea daukat. Baina argi gera dadila: eskubidea izango dut, nire esku izango da erabakia. Oraindik asko falta da, gainera; egun batetik bestera alda daitezke gauzak futbolean. Horretan pentsatzeak antsietatea besterik ez dit ekarriko.
Carboni italiarrak 41 urte zituen Valentziarekin azken lehia jokatu zuenean, eta Nafarroako Erresuman jokatu zuen azken partida, gainera. 2012-13ko sasoian ere futbolean jarraitzeko moduan izango al zara?
Akaso bihar bertan min hartuko dut, eta erretiroa hartu beharko dut, edo agian aspertu egingo naiz, eta futbola uztea erabakiko dut… hainbeste gorabehera izan daitezke! Bihar lurrikara ikaragarri bat gerta daiteke, eta denak hilda egon gaitezke, auskalo!
Argi geratu da adinari buruz hitz egiteak graziarik ez dizula egiten. Hitz egin dezagun Zaragozaren aurkako partidaz.
Hori, hori, hori da garrantzitsuena. Azken postuan daude, eta puntu premia ikaragarriarekin iritsiko dira. Amorru biziz zelairatuko dira, eta partida zaila izango dugu. Final itxurako partida da.
Javier Aguirre ikusteak oroitzapen onak ekarriko dizkizu, noski.
Oso entrenatzaile ona da; pertsona bikaina. Ez dauka lan erraza Zaragozan, baina seguru nago taldeak gora egitea lortuko duela.
Ricardo Lopez. Osasunako jokalaria
«Markek ez didate loa galarazten, eguneroko lanean sinesten dut»
Inazio Eizagirreren marka hautsiko du martxoaren 18tik aurrera partida bat jokatuz gero. 39 urterekin Osasunako atezain zaharrena izatearen marka. Amaiera gertu duela badaki, baina ez du horretan pentsatu ere egin nahi. Adinari buruz aritu da hausnarrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu