Marken bidegurutzea

Zeberio-Ionek eta Urriza-Etxeberriak Azysa torneoko finala jokatuko dute gaur, Galarretan

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2010eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Galarreta pilotalekua Hernaniko kanpoaldeko biribilgune baten alboan dago. Bada, gaur, itxura aldatuko du, bidegurutze bilakatuko baita, Azysa torneoko finalean (16:45, ETB1). Zeberio II.ak eta Ionek Urriza III.aren eta Etxeberria III.aren aurka jokatuko dute, eta bi aurrelariek binakako txapelketan daramaten ibilbide arrakastatsuen arteko talka izango da. Txapela jokoan egotea eta Zeberioren eta Urrizaren arteko lehia gutxi ez balitz, nafarren eta gipuzkoarren arteko partida izango da. Muga bi bikoteen artean egoteak final orok behar duen kirolaz kanpoko gatza gehituko dio.

Patxi Zeberio binakako zazpigarren txapela janzten saiatuko da bere zazpigarren finalean. Gaur egun, binakako txapelketa gehienak irabazi dituen pilotaria da, eta gaur bere marka hobetzen saiatuko da. Javier Urrizaren bolada ere, ordea, ez nola nahikoa. Lau urte dira debuta egin zuela, eta gaurkoa du laugarren finala. Txapelketa jokatu duen aldi bakoitzean iritsi da finalera, eta bitan irabazi du. Azken urteetan, eurek idatzi dute binakako txapelketaren historia, eta, bitxia bada ere, gaurkoa da elkarren aurka jokatuko duten lehen finala.

Atzelariei dagokienez, palmaresa apalagoa da. Jose Javier Etxeberria doneztebarra pilotari beteranoa da; 37 urte ditu, eta jokaturiko binakako final bakarra galdu zuen, 2007an. Ion Etxeberria azpeitiarra, berriz, hamar urte gazteagoa da, eta 2005ean galdu zuen jokaturiko final bakarra. Bitxikeria bezala, biek gaur euren kide izango diren aurrelarien aurka galdu zituzten final haiek.

Apustuetan ez da alde ikargarririk izango, baina Urrizaren eta Etxeberria III.aren alde irtengo dira. Nafarrek ez dute partida bakar bat ere galdu txapelketa guztian, eta lehen fasean 40-38 irabazi zieten Zeberio II.a eta Ioni. Sendotasun handia erakutsi dute, eta nagusitasunez kanporatu zituzten Juaristi eta Lizaso finalerdietan (40-33 eta 40-28). Zeberio II.ak eta Ionek, berriz, txapelketan jokaturiko bost partidatik hiru irabazi dituzte, eta kitarakoa behar izan zuten Uterga eta San Miguel kanporatzeko. Jokoari dagokionez, bi atzelariak seguruak dira, kolpe handirik gabekoak, eta bi bikoteetan aurrelariek hartu beharko dute ardura. Zeberio artista da, trebea; Urriza, berriz, indartsua eta ondo prestatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.