Marko Haller esprinter gazteak ezustea eman du Pekingo Itzulian

Gaur jokatuko da azken etapa, mendate gogor batekin, baina zaila dirudi Tony Martinek lehen postua galtzea

Erredakzioa
Donostia
2012ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Marco Haller (Katuxa) 21 urteko esprinter austriarrak ezustekoa emanda irabazi zuen atzo Pekingo Itzuliko laugarren etapa. Txanpingen bukatu zen, eta tropel guztia elkarrekin iritsi zen kilometro bateko azken zuzengunera. Lampr taldeak Alessandro Petacchirentzat lan egin zuen, eta Liquigasek, Elia Vivianirentzat. Biek ala biek beste faboritoak gertutik zelatatu zituzten, eta Hallerrek kontrol zorrotz hori baliatu zuen, atzetik saiatu eta bere ibilbide profesionaleko lehen garaipena lortzeko.

Gaur bukatuko da itzulia, eta Tony Martin (Omega) da lehen postuan berrogei segundoren altxorrarekin. Txangping eta Pingguren arteko etapak 182 ditu, eta mendate gogor bat dago helmugatik 30 kilometrotara. Alemaniarra sailkapen nagusiko lehen postutik kendu nahi dutenek malda horietan dute azken itxaropena.

Armstrong auzia, 21 egunetan

Pat McQuaid UCIko presidenteak Lance Armstrongen balizko dopinaren auziaren epaia «21 egun barru» ezagutuko dela argitu zuen atzo Pekingo Itzulira eginiko bisitan. Dopinaren aurkako AEBetako agentziak (USADA) herenegun bidali zion bere ikerketaren txostena UCIri, eta orain Nazioarteko Federazioari dagokio azken hitza. «Txostena ikertuko dugu abokatuekin. 21 eguneko epea dugu lan hori egiteko, eta orduan hartuko dugu erabakia», zehaztu zuen McQuaidek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.