Marta Dominguez: «Guztiz errugabea naiz, ez naiz sekula inortaz baliatu»

Atleta espainiarra bi orduz egon da epailearen aurrean, 'Galgo operazioa' hasi zenetik lehen aldiz

jon eskudero
Donostia
2010eko abenduaren 23a
00:00
Entzun
«Guztiz errugabea naiz. Inoiz ez naiz inortaz baliatu, eta hori oso argi daukat. Kontzientzia lasai edukitzeko moduan nago». Marta Dominguezek atzo eginiko hitzak dira, Madrilgo Plaza Castillako epaitegitik irten eta berehala. Bi orduz aritu zen epailearen galderak erantzuten atleta espainiarra, Galgo operazioa hasi zenetik lehenengo aldiz. Izan ere, haren haurdunaldia dela-eta epailearen aurretik pasa gabe zegoen. Beste kirolari batzuei legez kanpoko substantziak banatzea leporatzen zaio Dominguezi, nahiz hark «inongo zerikusirik» ez duela esan.

Epaiketa baino ordu erdi lehenago heldu zen Dominguez epaitegira, Jose Rodriguez abokatuarekin eta Diego Bercianos senarrarekin. Oso serio zegoen, eta ez zuen prentsaren galderarik erantzun nahi izan. Goizeko hamarretan ekin zitzaion epaiketari, eta hamabiak eta laurdenetan irten zen kalera. Itxuraz, nahiko haserre. Irten orduko hainbat kazetari zituen gainean, eta mesedez bakean uzteko agindu zien Dominguezek. Kazetariek kasurik ez eta galderak egiten jarraitu zuten, atletak ahoa ireki arte: «Nire irudia min handia ari da jasaten, eta ez dago onartzerik. Nire familiakoak eta ingurukoak asko sufritzen ari dira».

Horren harira, kasuan zergatik dagoen inplikatuta galdetu zioten, eta Dominguezek telefono dei batzuk entzun direlako zela esan zuen. Horrez gain, substantziak banatzen agertzen den bideo bat dagoen zurrumurrua ere zabaldu da, baina erabat gezurtatu zuen biktimak: «Ez dago inon ni horretan agertzen naizen bideorik. Guztia asmatutako gezurra besterik ez da». Espainiak historian eman duen atletarik onena dago kontsideratuta Dominguez.

Guztia abenduaren 9an hasi zen, Guardia Zibilak hainbat atleten, medikuren eta prestatzaileren etxeak eta enpresak miatu zituenean. Dopinaren aurkako hirugarren operazio handia izan zen —Puerto eta Grial auzien ostean—. Dominguez Palentziako (Espainia) etxean harrapatu zuten, eta hainbat gauza eraman zituzten bere etxetik: eskuko ordenagailua, kartoizko kaxa bat, metalezko maleta bat...

Dominguezekin batera, gainera, beste hamahiru lagun ere atxilotu zituen Guardia Zibilak. Artean ziren, besteak beste, Eufemiano Fuentes medikua; Alberto Leon, mendiko bizikletan txirrindulari izandakoa; Manuel Pascua Piqueras entrenatzailea; Cesar Perez, Marta Dominguezen prestatzailea; eta Jose Alonso Valero, Dominguezen ordezkaria.

«Lehiara itzuliko naiz»

Galgo auzia buruhauste bat baino gehiago ematen ari zaion arren, Dominguezek lehiara itzuliko dela ziurtatu zuen atzo prentsaren aurrean: «Haurdunaldia ongi pasatzen dudanean, berriz lasterketetara itzultzea da nire ilusioa. Horrek ematen dit aurrera egiteko indarra». Lau hilabete daramatza haurdunaldiarekin.

33 urte dauzka espainiarrak, eta oraindik ere maila politean aritzeko dagoela aipatu zuen. Garaipen zerrendan 3.000 metro hesidunetako Munduko Txapelketa dauka. Eta horrez gain, Espainiako Atletismo Federazioko presidente ordea ere izana da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.