Sanferminetako pilota feria uztailaren 7an hasiko da, bi jaialdirekin, eta 14ra arte iraungo du. Lehen eguneko goizeko jaialdian lau t’erdiko torneoko finala jokatuko da, eta azkenekoan, arratsaldez, binakako torneoarena.
Ohiko denez, binakako torneoa izango da feriaren bizkarrezurra, eta aurtengo berritasun nagusia Julen Martijaren parte hartzea da. 20 urte ditu, eta Aspek aukera bikaina eman dio. Torneoan Irribarriarekin ariko da, A multzoan. Multzo horretako beste bikoteak Bengoetxea VI.a-Beroiz eta Urrutikoetxea-Larunbe dira.
B multzoko bikoteak, berriz, Olaizola II.a-Albisu, Ezkurdia-Rezusta eta Altuna III.a-Zabaleta dira. Multzo bakoitzean ligaxka jokatuko da, eta irabazleak sailkatuko dira finalerako.