Kirolean sexu jazarpenak eta gehiegikeriak jaso dituztenei informazioa eta arreta eskaintzeko zerbitzua aurkeztu dute Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak eta Basque Teamek. Zure taldekoak gara izena jarri diote kanpainari. Kirolarientzat ez ezik, entrenatzaileentzat, epaileentzat eta zuzendarientzat ere bada zerbitzua, besteak beste. Azken finean, kirol arloko pertsona ororentzat da.
Arreta hainbat bidetatik emango da: telefonoz zein whatsapp-ez —688-67 10 00 zenbakian— edo posta elektronikoz, [email protected] helbidera idatziz. Behar izanez gero, aholkularitza presentziala ere izango dute biktimek. www.euskadi.eus/zuretaldekoakgara webgunean ere aurki daiteke informazioa.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi du biktimei "gertutasuna" erakutsi nahi dietela. "Denoi eragiten digute halako egoerek, eta zerbitzu hau arazoari aurre egiteko lehen pausoa da". Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariaren iritziz, "indarkeriaren erroa berdintasunik eza" da. Kirola emakumeak ahalduntzeko modu bat dela erantsi du. Olatz Legarza Basque Team fundazioko koordinatzaileak azaldu du gaur egun ez dutela sexu jazarpenen eta gehiegikerien inguruko datu zehatzik, eta, zerbitzu horren bitartez, errealitatea zein den jakin ahal izango dutela.