Felipe Massa brasildarrak (Ferrari) urteko hirugarren pole-a lortu zuen atzo Monakoko kaleetan, bigarrena jarraian -Turkian ere lehen tokitik irten zen-. Aurreratzea beste inongo zirkuituetan baino zailagoa denez, Massak toki onenetik ekingo dio lasterketari. Kimi Raikkonen (Ferrari) eta Lewis Hamilton (McLaren) ere gauza bera lortzetik oso gertu izan ziren, eta horregatik segundo gutxik erabakiko dute garailea gaur. Euriaren beldur dira guztiak, haren presentzia espero baita.
Txapelketako hiru gidari indartsuenak dira Massa, Raikkonen eta Hamilton. Orain arteko garaipen guztiak haien artean banatu dira, eta txapelketako sailkapenean ere lehen hiruak dira. Atzo ezin estuago amaitu zuten hirugarren saioa, hamarreko erdian sailkatu zirelako hiruak. Hau da, pole-a xehetasun txikienak erabaki zuen, bihurgune batek, balaztatze batek, edo bolante mugimendu batek. Ondoen aritu zena, beraz, Massa izan zen.
Monakoko kaleetan beste zirkuituetan ikusten ez dena ikus daiteke. Ez da zirkuitu bat, nahiz eta bertan korritzen den. Spa-Francorchamps, Nurburgring, Silverstone... horiek bai dira benetako pistak, lasterketa pistak. Baina 1950ean, 1 Formula sortu zen urte berean, Monakon korritzea bururatu zitzaien orduko agintariei, eta 58 urte geroago, autoek bertan korritzen jarraitzen dute. Garai hartan oraindik ere burugabeagoa zen, segurtasun neurriak oso eskasak baitziren, bai autoenak, bai eta zirkuituarenak berarenak ere.
Gaur egun, zirkuituak ia urtero jasan dituen aldaketen ondorioz, Monako bideojoko bat da. Eta horrek ez du joko erraz batean bilakatzen; alderantziz, zirkuitu batek jartzen ez dituen zailtasun gehiagarriak baitauzka. Huts egin, eta babesen aurka autoa hondatzen da. Gutxi arriskatu, eta oso atzean amaitzen da. Aurten, trakzioa kontrolatzeko elektronikarik gabe, are eta zailagoa izango da.
Zailtasun horien aurrean, batzuren eta besteren artean aldea sortzen da. Massa, Raikkonen eta enparauak betiko goi mailan aritu ziren atzo, haien autoak edozein egoeratan ondo moldatzen direlako. Aldiz, beste talde apalagoetan oso norabide desberdinak ikusi ahal izan ziren. Hiru taldeetan alde handia izan zen taldeko gidarien artean. Renaulten, Fernando Alonso espainiarrak zazpigarren amaitu zuen azken sailkapena. Nelson Piquet brasildarra, aldiz, ez zen gauza izan lehen sailkapena gainditzeko. Piquet gaizki ari da, eta Flavio Briatoreren apustuak zail izango du urtea amaitzea. Romain Grosjean suitzarra bikain ari da GP2 mailan, eta brasildarrak bere emaitzak hobetu ezean, aurki ordezkatuko du.
Piqueten modura, Nick Heidfeld iparra galduta aritu zen atzo. Monakora iristean esan zuen kezkatua zebilela bere mailarekin, baina hobetzeko ziurtasuna zuela. Bada atzo petral aritu zen, eta ez zen azken sailkapenera iritsi. Horrek ere zikloa amaituko du laster BMWn eta haren ordezkoa Sebastian Vettel alemaniarra izan daiteke, Toro Rossoko gidaria.
Azkenik, Williams-Toyota taldea aipatu beharra dago. Kasu honetan, gidari baten maila apala azpimarratzeko baino gehiago, alderantzizkoa; Nico Rosberg gidari alemaniarrak atzo emandako erakustaldia nabarmentzeko. Rosberg lehen saiotik oso ongi egokitu da Monakoko kaleetara, eta goi-goiko oilarrekin lehiatu da une oro. Williams autoak trakzio ona du, baita grip mekanikoa ere. Podiuma izango du helburu gaur.
EURIA DA KEZKA NAGUSIA. Edozein sailkatze probak dituen kezka eta aldagaiez gain, atzokoak beste bat gehiago izan zuen: euri arriskua. Kontuan izanda autoak ezin direla ukitu larunbat eguerditik lasterketa hasi arte, gaurko aurreikusi den euriaren aurrean zer egin erabaki behar zuten. Hortaz, litekeena da talde batzuk euriaren esperoan, atzotik autoa euritarako prest izatea. Massak ez, ordea, lasterketa lehorrerako apuostua egin baitzuen atzo bere ingeniariarekin batera. Euriak goitik behera aldatuko luke lasterketaren itxura, dena hankaz gora jarri. Badira hamar urte Monakon azken euripeko lasterketa korritu zenetik. Ez legoke gaizki gaur gauza bera gertatzea. Kasu horretan, Alonso eta Jenson Button gertutik jarraitu beharreko gidariak lirateke.
Massa, Raikkonen eta Hamilton, auto ilaran
Sailkapenak ezer gutxi argitu du, eta inoizko lehia estuena izango da gaur Monakoko kaleetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu