MASSAK BERE LANA BETE DU, HAMILTONEK EZ

Hamilton eta Massa nor baino nor ariko dira gaur Interlagosen, titulua lortu nahian

Laurentzi Garmendia
2008ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Lehen kolpea Felipe Massak eman du, eta Lewis Hamiltonek ez du batere ongi jaso. Ez dago denboraldia amaitzeko modu hoberik. Hamilton da lider, baina aurkariaren etxean da bisitari. Brasildarrak odolberoak dira, eta, berez, Massari, zein Interlagosen maisu den, beste bultzada bat ematen diote. Atzo nahierara aritu zen Ferrariko gidaria, nagusi, eroso, ezer galtzekorik ez izateak ematen dion lasaitasunarekin. Bosgarren izatea nahikoa du Hamiltonek; horrek salbatuko al du?

McLaren eta Hamilton bera begirada guztien helburu izan dira azken bi asteotan. Berez, azken lasterketara tituluak erabaki gabe iristeak eragiten dituen zalantzez gain, iazko txakalaldiak galdera asko itxi gabe utzi zituen. McLarenen saiatu dira guztiei sinetsarazten iazkoa atzean utzi dutela, eta jarrera zuhur baina ziurrarekin egingo diotela aurre gaurko lasterketari. Baina Hamilton ez dago lasai, ez du beste lasterketetan adierazten duen konfiantza helarazten oraingoan.

Atzoko entrenamenduek hori baieztatu zuten. Azkeneko sailkapen saioko lehen ahaleginean Massarengandik oso urrun amaitu zuen ingelesak. Ondoren, bere denbora hobetu bazuen ere, segundo erdira amaitu zuen. Interlagos oso zirkuitu laburra da, eta segundo erdi alde izugarria da. Lasterketak 71 itzuli dituenez, itzuliko segundo erdiak esan nahi du minutu erditik gorako atzerapena pilatuko lukeela. Horri buelta emateko gauza izango ote da Hamilton? Brasilen, eta Massa tartean dela, ez.

Eutsi edo erasoa jo

Baina Hamiltonek ez du lehia horretan sartu beharrik. Garaipena berme bat da bere titulu aukeretarako, baina arriskuz betetako saria da hori. Bigarren postuak ere balio dio, baita hirugarrenak ere. Atzo entrenamenduetan lortutako laugarren postua mantenduko balu ere aski izango luke. Zer egingo du orduan, lasterketa lasai hartu eta laugarren postuari eutsi? Aukera txarra ez bada ere, ia ezinezkoa da. Batetik, Hamilton garailea delako, eta, bestetik, urduri dagoelako. Garaipena nahi duen gazte amorratua da ingelesa.

Horrek arriskuak eragingo dizkio. Oso gutxi behar du titulua lortzeko, baina atzoko emaitza kezkatzekoa da. Inon arriskatzekotan, atzoko entrenamenduetan arriskatu behar zuen, pole-aren bila aterata. Postu hori da lasaiena, aurretik ez baitu inor, eta arriskua atzean bakarrik baitago. Aldiz, Hamilton laugarren postutik aterako da gaur, eta aurrean nahiz atzean izango du burrunba. Gainera, parean Kimi Raikkonen izango du, eta hark agindu argiak ditu: guztia arriskatu Massari laguntzeko.

Massak, gainera, lagunak ditu gidarien artean. Eta ez dira lagun pertsonalak, baizik eta lagun komertzialak, nolabait. Toro Rosso taldeak Ferrari motorrak ditu, eta hurrengo urterako motorren prezioak finkatzeko orduan oso kontuan izango dute talde horren jarrera. Ez luke zeresan handia izango Toro Rosso urte hasierako maila apalean ariko balitz, baina Ferrarik azken motor modeloa eman dionetik, goian dabil. Sebbastian Vettel eta Sebastien Bourdais lehen hamarren artean daude. Lasterketa erritmoan ezin diote Hamiltoni jarraitu, baina irteeran metro gutxi batzuen aldea bakarrik dago.

Protagonista guztiek lehia garbi jokatuko dela diote behin eta berriz, baina Nelson Piquet -gidari ohia- agertu zen atzo, eta gaur Hamiltonek lehen bihurgunean lasterketa utziko duela ziurtatu zuen. Globoesporte Brasilgo komunikabideari eginiko adierazpenetan, honela zioen: «Uste dut Hamiltonek ez duela lehen bihurgunea gaindituko. Gidari asko ditu haren aurpegia ez dutena gustuko. Ez naiz apustuzalea, baina inoren alde egin beharko banu, nire diru guztia Massaren alde jarriko nuke». Usteak, edo nahiak, alde batera utzita, Hamiltonek eskura du titulua.



Behin bakarrik eman dio gidari batek buelta zazpi puntuko aldeari eta titulua irabazi, iaz. Interlagos zen eszenatokia, eta Hamilton zen lider zazpi puntuko aldearekin. Urtebete geroago, egoera bera da.

'Déjà-vu?'

L. Garmendia

Lewis Hamilton eta Felipe Massa momentuko bi izen indartsuenak dira, kasik Barack Obama eta John McCainen pareko. Guztien ahotan dabiltza batzuk zein besteak, baina jakina da hurrengo astean, bietatik bakarrak jarraituko duela lehen lerroetan eta bazkalosteko solasaldietan. Kasu batean zein bestean, irabazle irteten dena lehen aldiz izango da maila gorenean. Horien aurretik, aldiz, horrelakoak mordoxka ikusiak gara 1 Formulan. Aurtengoa bereziki, ez al da ezagun egiten?

Aspaldi hasi ziren 1 Formula autoak mundu osoan zehar buelta eta buelta, eta ez da harritzekoa mota guztietako kasuak topatzea. Edozein lehiaketatan, irabazlea azken jardunaldian erabakitzeak du saltsa eta erakargarritasuna.Gaurkoa kontatuz, 25 aldiz gertatu da hori 1 Formulako Munduko Txapelketan. Lasterketak hamar puntu ematen dituenez, atzerapen dezenterekin iritsita ere posible da azken lasterketara aukera apurrekin iristea.

Gauza bat da puntu bakarreko atzerapena izatea, eta beste bat hamar puntukoa. Begi-bistakoa da lehen kasuan ia edonork irabaz dezakeela, eta bigarrenean mirari baten zain geratu beharko duela bigarrenak. Oso urrutira joan gabe, bi kasuok oraindik ere gogoan ditu jende askok.

1994an, Australiako lasterketan, Michael Schumacher (Benetton-Ford) eta Damon Hill (Williams-Renault) puntu bateko aldearekin zeuden; alemaniarra aurretik. Lasterketan ere ordena hori mantendu zen 35. itzulira arte. Schumacherrek autoaren kontrola galdu eta horma jo zuen, baina pistara itzultzean ingelesak erasoa bota zion. Hortik aurrera gertatutako aski ezaguna da. Istripu ikusgarriaren ondorioz, biek lasterketa utzi behar izan zuten, eta Schumacherrek zuen puntu bakarreko aldea mantenduz irabazi zuen. Gaur antzeko zerbait gertatuta, Nazioarteko Automobilismo Federazioa (FIA) ez litzateke isilik geratuko.

Hiru urte geroago, eta berriroSchumacher tartean zela. Orduan Ferrari autoa gidatuz. Jacques Villeneuve Williams-Renaultekoa zuen aurkari, hura ere puntu bateko atzerapenarekin. Europako Sari Nagusia deitu zioten Xerezen (Espainia) korritu zen lasterketari. Schumacher buruan zen, baina 47. itzulian kanadarrak aurreratze saioa egin zuenean, Ferrarikoak bidea itxi zion. Kasu hartan ez zuen helburua lortu, Villeneuve aurrera egiteko gauza izan baitzen, eta Schumacher hondarretan gelditu zen. Titulua Villeneuvek eraman zuen.

Erabat bestelako kasua izan zen duela bi urtekoa. Fernando Alonsok (Renault) hamar puntuko aldea ateratzen zion Schumacherri (Ferrari), eta matematikak bakarrik ematen zizkion alemaniarrari itxaropenen bat izateko arrazoiak. Ez zen ezustekorik izan, eta Alonsok bere bigarren titulua lortu zuen, aurrekoa bezala, Interlagos zirkuituan.

Historia guztian behin bakarrik gertatu da aurtengo egoeraren parekoa, hau da, zazpi puntuko atzerapena zuenak titulua irabazi izana: iaz. Parekotasun asko ditu aurtengo azken borrokak horrekin. Eszenatoki bera da, Brasilgo Interlagos zirkuitu zaharkitua. Txapelketako buru datorren gidaria bera da: Hamilton azkarra. Eta haren abantaila Ferrariko gidariarekiko, iazko bera: zazpi puntu. Hau ez al dugu dagoenekoikusi?





Lewis Hamilton

Jaioterria: Trewin (Ingalaterra).

Jaioteguna: 1985eko urtarrilaren 7a.

Garaiera: 1,74 metro.

Pisua: 64 kilo.

Lehen Sari Nagusia: Australiako Sari Nagusia (2007).

Ibilbidea: McLaren (2007tik).

Estatistikak: 34 lasterketatan aritu da, bederatzi irabazi ditu eta 21 aldiz igo da podiumera. 13 pole ere lortu ditu. Munduko Txapelketako liderra da, 94 punturekin.

Tituluak: Ez du inoiz irabazi Munduko Txapelketa.





Felipe Massa

Jaioterria: Sao Paulo (Brasil).

Jaioteguna: 1981eko apirilaren 25a.

Garaiera: 1, 65 metro.

Pisua: 58 metro.

Lehen Sari Nagusia: Australiako Sari Nagusia (2002).

Ibilbidea: Sauber (2002, 2004 eta 2005) eta Ferrari (2006tik).

Estatistikak: 105 lasterketatan aritu da, hamar irabazi ditu eta 26 aldiz igo da podiumera. 14 pole ere lortu ditu. Munduko Txapelketako bigarren sailkatua da, 87 punturekin.

Tituluak: Ez du inoiz irabazi Munduko Txapelketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.