Matematikek baietz diote

Zazpigarren izan eta Europarako sailkatzeko aukerei eusteko, Realak Sevillari irabazi egin behar dio gaur Sanchez Pizjuanen

jon eskudero
Donostia
2018ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Europako atea berriro ere zabalik dauka Realak. Zazpigarren sailkatu, eta datorren sasoian Europa ligan aritzeko itxaropen ia guztiak galduta egon da aspaldian, batez ere duela bi aste Malagan (Espainia) galdu ondoren. Ordea, joan den asteburuak emaitza ezin hobeak ekarri dizkie txuri-urdinei, eta, liga amaitzeko hiru partida falta direla, badute aukerarik zazpi onenen artean sailkatzeko. Athletici derbia irabazteak sailkapenean jauzia egiteko balio izan die (46 puntu dituzte), eta, hori gutxi ez bada, kale egin dute aurkariek. Sevillak eta Celtak galdu egin zuten, eta berdindu egin zuten elkarrekin Getafek eta Gironak. Hortaz, esperantza izateko moduan da Reala, baina behartuta daude hirutik hiru partidak irabaztera eta aurkariek kale egitera.

«Europako atea zabalik izatea motibaziorako beste arrazoi bat da. Gure esku dagoen guztia egingo dugu puntu denak batzeko, eta gero gerokoak», adierazi zuen atzo Imanol Alguacilek.

Zazpigarren izateko ondoen kokatuta dauden taldeak Getafe eta Sevilla dira, puntu kopuruagatik eta egutegiagatik. Getafek Realak baino hiru puntu gehiago ditu (49), golen aldea ere aldeko du, eta maila galdu duten bi talderen zelaietan jokatuko du: Las Palmasen (Espainia) eta Malagan. Aski luke bi horiek txuri-urdinen aurretik geratzeko. Sevillak, berriz, 48 puntu ditu, eta lau partida ditu jokatzeko oraindik, horietako hiru etxean. Gironak ere sinesteko arrazoiak izan baditu, 48 puntu baititu ere. Gainera, jokoan ezer ez duten hiru talderen kontra neurtuko ditu indarrak. Celtak, azkenik, 45 puntu ditu, eta egutegi zailagoa. Miraria beharko du helburua lortzeko.

Realak berak ere oso zail ditu kontuak, baina matematikek baietz dioten bitartean, horri eutsi behar diotela uste du Imanolek. Urrutira joan gabe, gaur jokatuko du lehen finala, Sevillaren zelaian. Denboraldi honetan hirugarrenez entrenatzailea aldatu berri du Sevillak, eta Joaquin Caparrosen aginduetara ariko dira sasoia amaitu bitarte. Bada, haiek urak harro dituztela baliatu nahi dute txuri-urdinek hiru puntuak etxera ekartzeko. Hori lortuz gero, sailkapenean aurrea hartuko lieke Realak. Datorren jardunaldian, berriz, Leganesek egingo du bisita Donostiara, eta liga Bartzelonaren zelaian amaituko dute donostiarrek. Egutegi gaiztoa dute, baina ez ezinezkoa. Hori bai, Europarako sailkatzen den taldeak uztailaren 26an jokatuko luke datorren denboraldiko lehen partida ofiziala, eta hiru atariko gainditu beharko lituzke Europa ligako ligaxkan aritzeko.

Gerora erreparatu gabe, hanka eta buru gaurko partidari begira dago Reala. Giro beroa topatuko du Sanchez Pizjuango harmailetan, eta horri eta aurkariaren indarrari aurre egin beharko dio. Imanolen esanetan, «ausartak» izatea ezinbestekoa izango da emaitza ona lortzeko. «Lanean ari garen bezala jokatzen badugu,irabazteko aukera handia izango dugu. Konfiantzaz gainezka gaude». Hamaikakoari dagokionez, Aritz Elustondok ez du jokatuko, min hartuta baitago. Alvaro Odriozolak ordezkatuko du.

SEVILLA-REALA

Sevilla. Sergio Rico; Navas, Mercado, Lenglet, Escudero; N'Zonzi, Banega; Sarabia, Franco Vazquez,

Nolito; eta Sandro.

Reala. Moya; Odriozola, Navas, Diego Llorente, De la Bella; Illarramedi, Zubeldia, Canales; Januzaj, Willian Jose eta Oiartzabal.

Epailea. Jaime Latre.

Lekua. Sanchez Pizjuan (42.714 ikusle).

Ordua. 21:00etan (Gol).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.